Batel Ligaren lehena, Oiartzun ibaian
Larunbatean hasiko da Gipuzkoako Batel Liga eta lehen estropada Oiartzun ibaiak hartuko du, 12:30ean hasita. Hibaikak antolatzen du Xuxa Urkiaren omenez urtero batel estropada hori.
Larunbatean —hilak 11— abiatuko dute Gipuzkoako Batel Liga, eta apirilaren 6ra arte sari nagusia irabazten saiatuko dira estropadaz estropada parte hartuko duten klubetako ordezkariek. Oiartzun ibaian izango da ligaren lehen estropada hori. Izan ere, Hibaikak antolatuta Xuxa Urkiaren omenezko batel estropadaren bederatzigarren ekitaldia lehiatuko dute. Eguerdian hasiko da estropada, 12:30ean, eta irudi ederra utziko dute Gipuzkoako hainbat herritatik heldutako klubetako arraunlariek Oiartzun ibaia hamaika kolorerekin zipriztinduta.
Denera 71 batel ariko dira Oiartzun ibaian, horietatik 39 emakumeek osatutako eskifaienak izango dira, 26 gizonenak eta sei, berriz, mistoak. Kategoriaka, promesa neskena da talderik handiena, 15 ontzi lehiatuko dira. Oarsoaldeko ordezkaritzari begira berriz, Haur Mailan nesketan San Pedro eta Hibaikaren ontzi bana ariko dira, eta mutiletan San Juango bat. Promesa Nesketan Hibaikako hiru ontzi, San Pedroko bi, eta San Juango bat; mutiletan, San Pedro eta San Juango bina eta Hibaikako bat. Gazte Mailan, emakumeetan, San pedro eta Hibaikako bina ontzi, eta San Juango bat lehiatuko dira; eta mutiletan, San Juango hiru, San Pedroko bi eta Hibaikako bat.
Absoluto Mailan emakumeetan, San Juan eta Hibaikako bana, eta gizonetan, San Juango hiru, eta San Pedro eta Hibaikako bana. Irteera hurrenkera eta ordutegia ikusteko klik egin hemen.
Kategoria guztiak ariko dira biharko hitzordu horretan, haurrak, promesak, gazteak eta seniorrak, Oiartzun ibaian norgehiagoka. Etxeko eskifaiak onena ematen saiatuko dira, sutsu, lehen estropadatik sailkapen taularen goi-goian jartzeko saiakeran.
Errenteria-Oreretako arraun elkarteak herritar guztiak deitu ditu estropada bitartean Oiartzun ibaiaren bi aldeetara joan eta arraunaz gozatzera Hibaikako arraunlariak animatzen dituzten bitartean, «ahal dela arraun taldearen jantzi eta koloreak soinean dituztela». Argi du Hibaikak ezinbestekoa dutela kategoria guzti-guztietako arraunlariek zaleen babesa. Batel ligan ere dei egin dio elkarteak marea beltzari arraunlarien hauspoa eman diezaien.
Ligaren bigarren estropada ere Oarsoaldean egingo dute, Pasaiako badian hain zuzen ere. Sanpedrotarra Arraun Elkartea arduratuko da horren antolaketaz, hilaren 18an.
• Hilak 11. Hibaika.
• Hilak 18. San Pedro.
• Hilak 25. Zarautz.
• Otsailak 2. Illunbe.
• Otsailak 23. Donostiarra.
• Martxoak 1. Fortuna.
• Martxoak 8. Hernani-Orio.
• Martxoak 9. Tolosa.
• Martxoak 22. Ur Joko.
• Martxoak 23. Getaria.
• Martxoak 29. Zumaia.
* Dataren ondoan estropadaren antolatzailea ageri da.
Gipuzkoako Txapelketa
• Apirilaren 5 eta 6an. San Juan.