Aldundiak abian du Lurraldebuseko indarkeria matxistaren kontrako lehen protokoloa
Lurraldebuseko indarkeria matxistaren kontrako lehen protokoloa abian da. Emakumezko erabiltzaileen segurtasuna bermatzeaz gain, Lurraldebuseko langileak babestea eta erabiltzaile guztien sentsibilizazioa areagotzea helburu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguez, Arkauteko zuzendari nagusi den Miren Dobaranekin bildu da, Lurraldebuseko indarkeria matxistaren aurkako lehen protokoloa zehazteko bidean.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak badu berdintasun-politika bat, Akademian eta Arkauten prestatzen ari diren promozio berrietako ikasleek garraio jasangarriaren ereduan aplikatzen dutena. Domínguez-en eta Dobaranen arteko bilerak indarkeria matxista saihestu eta hari aurre egiteko jardunbide egokiak elkarbanatu zein Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak genero-ikuspegiaren aplikazioan duen esperientzia aurkezteko balio izan du.
Indarkeria matxista prebenitzeko neurriak hartu eta erasoen aurrean erantzun egokiak zehaztu nahi dira. Horretarako, sektoreko profesionalen prestakuntza garatuko da, besteak beste.
Protokoloak Lurraldebuseko emakumezko erabiltzaileen segurtasuna bermatzeaz gain, ibilgailuetako langileak babestea du helburu, baita erabiltzaile guztiak indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzea ere. Bide horretan, “Garraio publikoaren erabilera zuzenaren dekalogoa” sortzea aurreikusten da.