Dejaburekin, Mexikora bidaia
Denbora batez sorkuntza propioko obrarik egin gabe egon ondoren, oholtzara igoko da berriz ere Dejabu konpainia 'Itzulera' lanarekin. Mexikora egindako bidaia du ardatz, eta hilaren 18an estreinatuko dute, Lekuona Fabrikan.
Gogo bizi batetik edota desio batetik lantzen ditu obrak Dejabu konpainiak. Duela hogeita lau urte sortu zen taldea, eta berau osatzen dutenak antzerkiak lotzen ditu. Baina, azken urteetan ez da haiengan eszenara itzultzeko desiorik jaio, beraz, besteak beste, site specifik-ak egiten, ikastaroak ematen eta laborategiak sortzen aritu dira. “Beti ibili gara eszena kontsideratzen dugun kode batean, baina oholtzatik pixka bat urrunduz gure burua probatzen”. Ainara Gurrutxagaren hitzak dira horiek, Dejabu konpainiaren zuzendari artistikoetako bat.
Naon tokin izan da konpainiak eszenan egin duen azken lana, 2021ean, site specific moduan. Alabaina, beste konpainia batzuekin aritu dira elkarlanean; ez dute, ordea, eszena lan propiorik egin, eta hori gogoeta baten ondorio da Gurrutxagarentzat. “Naon tokin lanarekin antzerkiaren muga gainditu nahi genuen. Etengabe pentsatzen dugu nola egin topo ikusleekin eta nola sortu erritualak zeinetan antzerkia komunitatea elkartzeko gune den”.
Lau urtez, beraz, ez dute haien sorkuntza propioko eszenarik egin, baina, une jakin batean, duela urte eta erdi hain zuzen, gogoa piztu zitzaien elkarrekin lan egiteko. “Antzerkia pila bat maite dugu. Kimika handia daukagu elkarrekin, eta oso ongi pasatzeaz gain asko ikasten dugu”.
Antzerkigintzan hogei urte baino gehiago daramatzate taldekideek; ez da gauza makala. “Beti pentsatzen dugu obra bat egin eta gero desagertu egingo garela, baina aldiro hil eta jaiotzen gara. Ez genuena pentsatzen da hil eta jaiotza horretan hogeita piko urte egingo genituenik”.
Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala, Urko Redondo eta David Aguilarrek inoiz egon ez diren une garrantzitsu batean sumatu zuten euren burua. Bazekiten oholtzara itzuli nahi zutela, baina ez zekiten zertarako. Bazekiten oholtzara itzuli nahi zutela, baina ez zekin zertaz hitz egingo zuten. Aitzitik, garbi zuten komedia bat egin nahi zutela. “Gure buruaz barre egin eta gure burua jolas batean sartzeko gogoa genuen, baina baita lengoaia alorretik erronka bat izatekoa ere. Gugan lengoaia mailan ikerketa bat zabalduko zuen kinka batean jarri nahi genuen gure burua”.
Eta bat-batean, Mexiko
Gurrutxagak inoiz egin ez duten zerbait egiteko gogoa eta intuizioa sentitzen zuen: auto fikzioa; aktoreek euren gorputza istorioaren zerbitzura jartzea, alegia. “Esperimentu totala izan da, eta bide bat ireki zaigu horrekin”. Hots, aipatzeko modukoa da konpainiak duen lana egiteko modua. Inprobisazioaren bidez jarduten dute, ez dute sekula gidoi bat idazten lehenengo mailan eta gero oholtzara egiten. Kolektiboki egiten dute lan, eta ondorioz materiala eta gidoia eszenan sortzen dira, egin ahala. “Inprobisazioetatik, jolasetatik eta irudietatik deskubritzen dugu zer ari den jaiotzen, eta zein obrak etorri nahi duen gugana”.
Hasierako inprobisazioetan ez dute “ezer” jakiten, aktore moduan euren lana baita norbere subkontzieteko irudiak eta pertsonak oholtzara ekartzea intelektualki ulertu gabe zer esan nahi duten. “Prozesu ez intelektual bat da”, gehitu du zuzendari artistikoak.
Halako batean hasi ziren sortzen irudiak, eta Mexikoren antza zutela konturatu ziren antzezleak. “Eszena mota, kolore mota… bidaia bat agertzen zen, eta ondorioztatu genuen hori guztia Mexiko zela”. ‘Mexiko ari bada behin eta berriz gure atea jotzen, joan egin beharko dugu’ pentsatu, eta horixe egin zuten, Mexikora joan.
Sekula Mexikon egon gabe zeuden, eta Gurrutxagak kontatu duenez lan asko egin zuten bertara hurbiltzeko. Hango antzerki konpainiekin jarri ziren harremanetan, batez ere Yucatango konpainiekin, eta argi utzi du Dejabukoak “asko” lagundu zietela. Ikastaro bat ere eman zuten bertan. “Bi kulturen arteko zubia izateko aukera eman digu obrak bere bidean”, gehitu du. Pasa den urteko martxoan izan ziren Mexikon, eta bidaiatik berriz ere Oarsoaldera itzuli zirenean konturatu ziren joan-etorri horrek garrantzia handia hartu zuela gidoian.
“Ikusleek ikusiko dute gainbeheran edo inspirazio faltan dagoen konpainia bat nola joaten den Mexikora”. Itzulera da hori, eta hilaren 18an estreinatuko dute Lekuona Fabrikan. Auto fikzioan kontatuko dute Etxepare Euskal Institutuak emandako diru laguntza bat lortu dutela bidaia egiteko, baina zeharkaldiak ezusteko bira bat emango du, eta obra abentura batean bihurtuko da, Road movie deritzon ihesaldi abentura batean.
‘Itzulera’-rekin ospatuko dute itzulera
Ingelesetik dator road movie terminoa, eta bidaian edo errepidean gertatzen den pelikula bati esaten zaio. Zinemako azpigenero bat da, eta horietan ez da eszenatoki finko bat egoten; pertsonaiak bidaia batean egoten dira normalean, eta bidaia horretan zehar transformazio bat edo zerbait gertatzen da. Telma & Louise filma da azpi genero horren adibide argia.
Itzulera metafora gisa definitu du Gurrutxagak. “Bidaiak modu batean hasi eta beste batean bukatzen dira. Tira, hori bidaiara irekita egonez gero eta bidean agertzen diren bihurguneak hartuz gero. Hori da metafora, eta hori erabili dugu. Pertsonaiek obra puntu batean hasiko dute, eta inork espero ez duen bidea eginda, espero ez duten leku batean bukatuko dute”.
Ikusleentzat zirraragarria izango dela nabarmendu du aktoreak. “Ikustera ohituta ez dauden antzerki forma bat ikusiko dute; ez da guztiz antzerkia eta ez da guztiz zinema. Bien arteko nahasketa bat da”.
Obra berri bat estreinatzeaz gain oholtzan bidelagun berria ere estreinatuko dute. David Aguilar da bera, eta aurrez elkarrekin lan egin badute ere, ez dute Dejaburekin oholtza partekatu. Zazpi T’erdi zine kolektiboko kide da Aguilar, eta horrek ahalbidetu du zenbait lanetan elkarrekin aritzea. “Gure dramaturgiak oso zinematografikoak izan dira beti; zinemak asko dauka iruditik, eta gure antzerkiak ere bai. Gure kontatzeko modua irudietan da askotan, beraz, oso gertu sentitzen dugu zinegintza. Ondorioz, zinegintzan aritzen diren lagun asko ditugu; David horien artean”.
Hasieratik izan zuten argi Aguilar proiektuaren parte izatera gonbidatu nahi zutela; beraz, kamera bat eramateko eskatu zioten lehen egunean, aktoreak inprobisazioak egiten ari ziren bitartean hura proiektatutako irudia txertatzen joan zedin. “Horrela hasi zen dena”.
Lekuona Fabrika, etxea
Hilaren 18an estreinatuko dute lana Errenteria – Oreretako Lekuona Fabrikan, arratsaldeko zortzietan. “Etxean, babesean sentitzen gara bertan. Hemen sortuak gara eta gauza asmo eman dizkigu”.
Gurrutxagarentzat toki naturala da Errenteria – Orereta; “gure herria da eta oso babestuta sentitzen gara hemen gure lana aurrera ateratzeko. Hemen aurkeztea hunkigarria da”.
“Ikusleek lanarekin senti dezaketena ikusteko irrikaz nago”
Elkarrekin lan egiten duten lehen aldia ez bada ere, lehenengoz igoko dira 0holtzara Dejabu konpainia eta David Aguilar. Eszenatokian ikusten ez direnez arduratu da orain arte Aguilar; kamerez, kasu, baina ‘Itzulera’ lanarekin beste jauzi bat emango du.
Lehen aldia da Dejaburekin oholtzan ariko zarena. Nola sentitzen zara?
Oso ilusionatuta nago proiektu honekin; berebiziko ilusioa egin zidan proiektuan parte hartzera gonbidatu nindutenean. Betidanik izan naiz haien lanaren jarraitzaile sutsua; lagunak gara aspalditik, eta Itzulera bezalako proiektu pertsonal bateko parte izatea berebizikoa da niretzat. Gainera, antzekotasun handia du lanak gure bizitzekin. Auto-fikzio bat da, eta prozesuan gure errealitatetik asko dago; hori lagunekin elkarbanatzea oso polita ari da izatean. Proiektu goxoa da alde horretatik.
Badago ezberdintasunik oholtza gaineko eta eszenatoki atzeko lanak egitearen artean?
Kasu zehatz honetan ez dut ezberdintasun handirik ikusi. Lan askotan ez bezala, hemen ez dago gidoi idatzi itxirik, oholtzara igo eta sorkuntza prozesu bat baita. Magia nola sortzen den ikustea oso polita da.
Zinemaren mundutik nator, eta horrekin harreman handia du nire lanak. Auto-fikzioa izanik, norbere prozesu bitala bertan dago; gure buruak asko eman dio lanari, baina batez ere konpainiak, Dejabuk. Errealitateak harreman estua du fikzioarekin, eta horrek Zazpi T’erdi konpainian egiten dugunarekin antzekotasun handia du.
Hala ere badago ezberdintasun bat; sentitu egiten dela. Oholtzara igotzen garenean sentitu egiten da norantz jo. Prozesu intuitibo bat ari da izaten zentzu horretatik, baita dibertigarria ere. Jolasetik egindako pieza bat da, eta hori asko gerturatzen da Zazpi T’erdin egiten dugun zine dokumentalera.
Nolakoa izan da lanaren prestakuntza?
Sorkuntza prozesu oso interesgarria izan da. Ez da elkarrizketarik idatzi aktoreek gero buruz ikasteko; prozesu pertsonala izan da. Niretzat izugarrizko luxua da ikustea nola sortu duen bakoitzak pertsonaia obrak eskatzen zuenaren arabera moldatuta. Hasieratik genituen elementuekin sortu dugu irudi bat, zineman fotograma bat dena. Polita da ikustea oholtzako sorkuntza prozesu horretan eraiki duguna.
Zergatik erabaki duzu ‘Itzulera’ lanaren parte izatea?
Tira, ez da erabaki bat izan, berehalako erantzun bat baizik. Ilusio handia egin zidan eskaerak eta segituan eman nien baiezkoa egiten duten lana asko gustatzen zaidalako. Behin baino gehiagotan kolaboratu dugu gainera: esaterako, Zazpi T’erdik egin zuen azken filmean Dejabu izan genuen bidelagun.
Berehalako erantzunaz gain banekien oso interesgarria izan zitekeela film bat zuzenean sortzearen jolasa; nik eskaini nezakeena ezagutu nahi nuen. Finean, erraz hartzeko moduko erabaki bat izan da.
Nola definituko zenuke lana?
Zaila da horri erantzutea, elementu asko dituen lana baita. Baina uste dut road movie existentzialista dela laburpen egokiena.
Zein rol duzu obra honetan?
Nire egitekoa izan da batez ere kamera eta edizio mahaiaren bidez eszenatokian zuzeneko filma egitea. Agertokian eszenak sortzen ari diren gorputz horiek planoetara itzuli ditut, alegia, zuzenean sortutako film baten ilusioa lortzea izan da nire eginkizun nagusia. Baina, horrez gain, Rodrigo pertsonaia gorpuzten dut lanean. Sikario mexikar bat da.
Estreinaldira begira zein sentsazio dituzu?
Emozionatuta nago. Azken egun hauetan kamera guztiek funtzionatzen dutela ziurtatu behar dut eszenografia batetik hurrengorako mugimendua ongi atera dadin.
Beste alde batetik, ordea, ikusleek lanarekin senti dezaketena ikusteko irrikaz nago. Ongi pasa dezaten nahi dut. Festa baterako gonbidapena da.