"Etsai" izatetik, elkar laguntzera
Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremua ezartzeari oniritzia eman berri dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. Oarsoaldeko taxi gidariak pozik agertu dira akordioarekin, beren arteko elkarlana sustatu eta elkartzeko mugarri izango dela uste dute.
Oarsoaldeko taxistek pozarren eta elkarlanean hasi dute urtea; izan ere, abenduaren 30ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak oniritzia eman zion Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremua (EBE) sortzeari. Horri esker, Pasaiako, Errenteriako, Oiartzungo, Lezoko, Astigarragako, Hernaniko, Usurbilgo, Andoaingo, Lasarte-Oriako eta Urnietako 118 taxi gidarik, egun zehatzetan, Donostialdeko taxi flotari esku bat bota ahal izango diote, eta aipatutako herrietako gidariek ere elkarri laguntzeko aukera izango dute.
Albiste pozgarria izan da Trintxerpeko Iñaki Gravalos zein Errenteria-Oreretako Rafa Cuesta taxistentzat. «Guztiontzako onuragarria den neurria da», esan du Gravalosek, Radio Taxi Jaizkibel elkarteko presidente izandakoak, «egun zehatzetan elkar laguntzeko aukera emango digu». Cuesta, berriz, Radio Taxi Viteri elkarteko presidentea da: «Akordioa ona izango da guztientzako. Lehen gaizkileak ematen genuen inguruko herrietatik deitzen baziguten. Orain, adibidez, lasai joan ahal izango gara Pasai Antxora».
Taxistak elkarlanean aritzeko eskaria, ordea, ez da oraingo kontua. Gravalosek azaldu duenez, duela urte asko proposatu zitzaien Donostiako taxistei erregimen bereziko eremua sortzea, gau askotan zerbitzua kolapsatu egiten baitzitzaien hiriburuan. Urte haietatik hona egoera asko aldatu dela azaldu du trintxerpetarrak: «Egun turismoa hirukoiztu egin da, eta taxi zerbitzuak ondo funtzionatzen duen arren, zenbait momentutan ezinezkoa da eskariari erantzutea». Horregatik, inguruko herrietako gidariei momentu puntual horietan laguntzeko aukera ematea garrantzitsua dela iritzi du.
Donostiako taxistek ez zuten «errege-opil» guztia jatea utzi nahi, baina azken urteetako egoera ikusita –Donostiako Udalak hainbat kexa eta salaketa jaso zituen zerbitzu faltagatik–, zerbait egiteko premia sortu zitzaion hiriburuko udalari. «Donostiako Udalak berrogeita hamar edo hirurogei lizentzia berri sortzearekin mehatxatu zituen taxi gidariak, eta gidariek nahiago izan zuten erregimen bereziko eremua sortzeko ideiari heldu». Urteetan egindako proposamena ez onartzearen arrazoiaz galdetzerakoan, lan gutxiago izateko beldurra zutela azaldu du trintxerpetarrak: «Donostiarrek beldurra diote inguruko taxistek beren eremuan jendea hartzeari, baina ikusiko dute ez dela ezer gertatzen, eta berdin lan egiten jarraituko dutela. Erregimen bereziko eremuarekin arazoa ez da konponduko, baina egoera arintzen lagunduko du».
Orain artean, herri bakoitzeko zerbitzuak independenteak izan dira, eta zorrotz araututako neurriak jarraitzen zituzten. Esaterako, taxistek ezin zuten bidaiari bat hartu eta ondoko herrian uzterakoan, bidaia aprobetxatzeko, herri hartan beste inor hartu. Bada, erregimen bereziko eremuari esker, egutegian azpimarratutako egunetan, posible izango dute.
Oraindik 2025-2026 urteko egutegia zehaztu gabe duten arren, herri bakoitzeko taxi elkarteek laguntza zein egunetan jaso nahi duten zehazten duen zerrenda osatu dute. Errenteria-Oreretan, adibidez, madalenetan jaso ahal izango dute inguruko herrietako taxisten laguntza. Urnietan, urte osoan zehar laguntzeko eskaria egin dute gidariek, gaueko 00:00etatik goizeko 07:00ak arte. Eta Pasaian ere bide beretik egin dute eskaria. Kasu honetan, ordea, ordutegi zabala utzi dute, 24 orduz laguntza jaso ahal izateko.
Trintxerpetarrak laguntza eman eta jasotzeko prest eta gogotsu azaldu dira, eta donostiarren kasuan ez bezala, ez dira lan gutxiago izatearen beldur. «Jendeak berdin lan egiten jarraituko du. Guk Trintxerpen zerbitzu bikaina ematen dugu eta ez dugu arazorik inguruko herrietako taxistak etortzeko eta esku bat botatzeko. Guretzat garrantzitsuena da inork zerbitzua behar badu, haren premiari ahalik eta denbora murritzenean erantzutea».
Pasaiako barrutietan, guztira, 26 taxi gidari daude: hamazazpi Trintxerpen, zortzi Antxon eta bakarra Donibanen. Txintxerpekoek Lezoko Udalarekin akordio bat ixtea lortu zuten, eta bertan ere ematen dute zerbitzua. Radio Taxi Jaizkibel elkarteko bazkide bakarrak, ordea, Trintxerpeko langileak dira. Egutegi eta lan ordu araudi propioa dute, eta telefono zenbaki bakarrarekin egiten dute lan. Bi txandatan banatzen dira, eta goizeko 05:00etatik 00:00etara bitarte egiten dute lan.
Errenteriako kasuan ere antzeko funtzionamendua dute. Guztira 31 taxi gidari daude, baina 30 dira Radio Taxi Viteri elkarteko bazkide direnak. Bi taldetan banatzen dira: goizeko txandakoak eta arratsaldekoak. Goizekoa 05:00etatik 15:00etara izaten da, eta arratsaldekoa 15:00etatik 05:00etara.
Biek ala biek aitortu dutenez Oarsoaldean ez zaie lanik falta, eta beraz, gainontzeko herrietan laguntzeko prest agertu diren arren, beren herriko zerbitzua behar bezala ematen jarraitzea lehenetsiko dutela garbi adierazi dute. «Eta hala ez bada elkartean arauak ezarriko ditugu Errenteriako jendeari ez hutsik egiteko», gaineratu du Cuestak.
Lehen eguna, «zoragarria»
Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremua onartu eta 48 ordu baino gutxiagoan izan zuten neurri berria probatzeko aukera. Urteko lehen eguneko 00:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte aktibatu ziren erregimen bereziaren gaineko neurriak lehenengoz, eta Cuesta bera lanean aritu ez zen arren, elkarren arteko laguntza nabaria izan zela kontatu diote ezagunek. «Data bereziak dira, eta lehen bezeroek Donostian batez beste ordubeteko itxaronaldia egiten bazuten, aurten itxaronaldia 15 minutura murriztu dela aipatu didate».
Gravalos, berriz, bai, lanean aritu zen, eta harentzat gaua «zoragarria» izan zen. «Oso ondo funtzionatu zuen. Goizeko 01:00etatik 10:00ak arte aritu nintzen. Urtero bezala lan egin dugu trintxerpetarrok, gertatzen dena da, aurten, Trintxerpetik Boulebarrerako bidaia egiterakoan eta bidaiariak uzterakoan, hutsik itzuli beharrean, taxi geltokira hurbildu eta —une horretan bertako taxirik egon ezean—, bidaiariak hartzeko aukera izan nuela». Bulebarretik Grosera hurbildu zituen zenbait bidaiari, Kolon pasealekuko geltokira. Bertan beste zenbait bidaiari hartu eta Amarara gerturatu zituen. Amaran zegoela Trintxerpeko dei bat jaso eta herrira itzuli zen, bertako eskariari erantzuna ematera. Azken bidaia hau hutsik egin zuen.
Egun berezietako gauetan jende mugimendua, gutxi gorabehera, 05:30ean hasten da taxi gidarientzat, eta orain artean, ordu hori heldu zain izaten zirela kontatu du trintxerpetarrak, «autoetan ezer ez egin gabe, geldirik». Horren arrazoia garraio publikoaren maiztasuna izaten da, goizeko lehen orduetan autobus bereziak ezartzen baitituzte hiriburura joateko edo handik herrietara bueltatzeko. «Gidariok autonomoak gara eta hemen ez digu inork ezer oparitzen, alderantziz. Urtero udalari diru kantitate bat ordaindu behar diogu gure zerbitzua eskaini ahal izateko, eta adibidez, zerbitzu hobea emateko autoa aldatzen baduzu, laguntza eman beharrean, 130 euroko tasa ordaintzera behartzen zaituzte, autoa aldatzeagatik. Inork ez digu ezer oparitzen, baina gero asko eskatzen digute. Taxi kopuru jakin bat gaude, eta herritar askok momentu beretsuan erabakitzen dute etxera joatea. Momentu horretan ezinezkoa da guztien eskariari erantzutea».
Aurten, ordea, neurriarekin urteko lehen gau osoan zehar lan egiteko aukera izan zuten, eta goizeko 05:30ak heldu ahala zerbitzua «pixka bat kolapsatu» egin zela onartu duen arren, erregimen bereziaren eragina nabaria izan zela ziurtatu du.
Martxan jartzea, garrantzitsuena
Egun horren ondoren gidariek egutegian gorriz azpimarratuta zuten hurrengo data Errege Egun bezperakoa izan zen [erreportajeko elkarrizketak hilaren 3an egin ziren], eta hurrengoa hilaren 19koa izango da, San Sebastian Egunaren bezperakoa.
Azken hori da taxi gidariek egutegian aurreikusita duten azken eguna. Izan ere, erregimen bereziko eremua martxan jartzeko tramiteak hasi zituztenean, duela bi urte, akordioaren onarpena arinago joango zela uste zuten eta egindako bileretan 2024. urteko egutegia ondu zuten. Egutegi horrek 2025eko urtarrila ere barnebiltzen zuen, eta horregatik posible izan dute martxan jarri. 2024ko abenduaren 30ean akordioa onartu zenean, hilabete bateko egutegi aurreikuspenarekin abiatu zuten urtea.
Orain, akordioaren jarraipena egiteko batzorde bat antolatu behar dutela iragarri du aldundiak, eta bertako lehen eginkizuna 2025eko egutegia osatzea izango da. Batzordea aldundiak, udaletako ordezkariek eta taxi sektoreko elkarteek osatuko dute. Lehen bilkura hil honetan egitea aurreikusi dute.
Zerbitzua emateko, gainera, inguruko herri guztietako tarifa urbanoak bateratzea onartu zuten. Horretarako Donostiako tarifa izan zuten oinarri. Orain arte herri bakoitzak bere tarifa urbano propioa zuen, udalek ezarritakoa. Hiriarteko tarifa, aldiz, bateratua izaten jarraitzen dute guztiek, Gipuzkoako Foru Aldundiak zehazten baitu kostua. Aurki osatuko duten batzordean 2025eko tarifa berriak ere aztertuko dituzte.
Akordioaren onarpena eta martxan jartzea nahi baino motelago heldu dela deitoratu du Gravalosek, batez ere, udalek adostasunetara iristeko dituzten zailtasunengatik. Baina garrantzitsuena martxan jartzea zela onartu du, «batez ere hiriburuko taxistek akordioaren onurak ikus ditzaten». Akordioak lau urteko indarraldia izango du eta luzagarria izango da.
Sektorearen eboluzioa
Cuestak bi urte eta erdi daramatza taxi gidari, eta hasi zenetik sektorean eboluzioa sumatu duela adierazi du. «Hasi nintzenean taxi gidarien artean nolabaiteko batasun eza zegoen, etsaiak ginela zirudien. Orain, gutxinaka bada ere, elkartzen ari gara. Konturatu behar gara guztiok helburu bera dugula: bezeroei ahalik eta zerbitzu onena ematea».
Batzorde horren sorrerak asko lagunduko duela uste du errenteriarrak. «Gauza gehiago aztertuko dira, guztion artean zerbitzu bateratuago bat eskaintzeko. Adibidez, aplikazio moduko bat sortu nahi da eremu guztietan berdin lan egin ahal izateko».