Euskararen erabilera indartzeko, hamaikakoa osatzera deitu dituzte pasaitarrak
Maiatzean helduko den Euskaraldiaren gaineko xehetasunak eman zituzten atzo Pasaiako zenbait euskaltzalek. Lau barrutietako herritarren iritzi, kezka eta ideiak jaso nahi dituzte, "denboran zehar irautea nahi den euskararen aktibatzaileen sarea egiteko".
Aurtengo Euskaraldirako motorrak berotzen hasi dira pasaitarrak. Atzo aurtengo dinamikaren aurkezpena egin zuten lau barrutietako zenbait euskaltzalek, Sanpedrotarra Arraun Elkartearen egoitzan egindako agerraldiarekin. Prestakuntza lanak aurrera doazela jakinarazi zuten Alazne Uria Bokale Euskararen Aholku Batzordeko kideak eta Alberto Apillanez Antxoko Ariguneko kideak. Haiekin batera zenbait ordezkari politiko eta herritar izan ziren, tartean, Euskara zinegotzi Laura Ré.
Udaberriarekin batera helduko da aurtengo Euskaraldia, maiatzaren 15etik 25era izango da hain zuzen. “Hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan astintzeko hamaika egun izango ditugu. Elkarrekin, euskara eremu guztietara zabaltzeko aukera paregabea. Etxean, kalean, lanean, aisialdian, ikastetxean…”, esan zuen Uriak.
Apillanezek, bestalde, aurtengoa “Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia” izatea nahi dutela gogorarazi zuen: “Hamaika egun horiekin euskararen erabilera indartzeko jarrera beste hamaika egunetara zabal dadin eta euskara sustatzeko gogoa eta beharra sentitzen duten pasaitarren sarea antolatzeko”.
Sare hori osatzeko banan-banako elkarrizketak hasi dituzte. Udazkenean hasi ziren zeregin horretan eta datozen hiletan zabaltzen jarraituko dutela jakinarazi zuen Uriak. Donibane, Antxo, Trintxerpe eta San Pedroko euskaltzaleen iritzi, kezka eta ideiak jaso nahi dituzte, “denboran zehar irautea nahi den euskararen aktibatzaileen sarea egiteko”.
Euskaraldia hizkuntza jarreretan eragiteko dinamika den heinean, “erronka pertsonalak hartu eta ekimenaren enbaxadore izango direnen Hamaikakoa” osatu nahi dutela azaldu zuen Uriak: “Belarriprest eta Ahobizi izango direnen hamaikako taldea osatu nahi dugu. Talde hori aukeratzeko prozesuan ere, pasaitarren parte hartzea bultzatuko dugu”. Herritarren proposamenak lotura honetan jaso daitezke, hilaren 29ra bitarte (asteazkena da).
Baina, zeintzuk dira hamaikako hauen ezaugarriak? Apillanezek eman du horren gaineko informazioa. Euskaraldian Ahobizi ala Belarriprest izango diren hamaika laguneko taldeak izango dira, “euskararen erabileran eredu diren edo gehiago egiteko urratsak egin edo konpromisoak hartu dituzten norbanakoek” osatutakoak. Euskara girotzen eta zabaltzen lagunduko duten enbaxadoreak izango dira taldeko kideak. Baldintza pasaiatarra izatea, Pasaian bizitza edo bertan lan egitea da.
Jarraian, atzoko agerraldian HITZAk egindako bideoa: