Ilargi Aristondo Merinok lortu du Barandiaran Beka
'Euskal Pirinioetako Suaren paisaia: etnografia kolaboratiboa antropozenoan' proiektuagatik lortu du Barandiaran Beka oiartzuarrak.
Ilargi Aristondo Merino oiartzuarrak jaso du 2025eko Barandiaran Beka, Euskal Pirinioetako Suaren paisaia: etnografia kolaboratiboa antropozenoan proiektuagatik.
Abenduaren 23an elkartu zen epaimahaia 2025eko deialdira aurkeztutako lanen gogoeta egiteko, eta aho batez erabaki zuten Aristondori beka ematea. Hark egingo du landa lanaren zati handiena. Olatz Gonzalez Abrisketa izango du gidari lanak egiten.
EHUko Antropologiako doktoregaia da, beraz, oiartzuarra, eta honela definitu du bere lana: Azken ikerketan zeharka atera zen gaia izan zen mendiko suteena eta oraingo honetan, sakonki aztertzeko tartea eskaini nahi diot. Horretarako, idatzizko eta ikusizko etnografiaren bitartez ertz anitzeko problematika honi heldu nahi diot, laborari eta administrazioen arteko harremanetan ez ezik, paisaia eraikitzen duten bestelako agenteetan ere arreta jarriz. Ikerketa euskal Pirinioan kokatuko da, mugaren bi aldeetan. Hain zuzen, ikerketaren helburuetako bat ere badelako suteen kudeaketan administrazioen praktiken jarraipena egitea, eta horrela, horiek paisaia kulturalean duten eragina aztertzea.