Kepa Anabitarteren liburua aurkeztuko dute asteartean
Eneko Bidegain idazleak 'Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia' liburua aurkeztuko du hilaren 21ean Trintxerpeko liburutegian, 19:00etan.
Eneko Bidegain idazleak Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia liburua aurkeztuko du datorren asteartean (hilak 21) Trintxerpeko liburutegian, 19:00etan. Pasaiako Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldian parte hartzera, eta sarrera librea izango da. Liburuaren idazlearekin batera, Kepa Anabitarteren senide eta lagunek ere aurkezpenean parte hartuko dute. Liburua salgai egongo da astearteko aurkezpenean.
Kepa Anabitarte 1934an jaio zen Trintxerpen, eta oso ezaguna da barrutian. Gaztetatik ohartu zen Euskal Herriaren menderakuntzaz, eta “berehala” hartu zituen ardurak, herriaren askapena helburu. Bidegainen lana biografikoa da, eta Euskal Herriko azken ehun urteetako kronika politiko bat da. Anabitartek bere ibilbidean ezagututako erreferentziazko lagunen eta gertakari politiko, ekonomiko eta kulturalen kontaketak ageri dira liburuan. Bide horretan osatutako pentsamendu politikoaren oinarriak ere azaltzen ditu idazleak.