Ate irekiak, Egiluze ikastetxean
Hilaren 25ean egingo du ate irekien jardunaldia, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari begira.

Ate irekien jardunaldia egingo du Egiluze ikastetxeak 2025-26 ikasturteari begira. Hilaren 25ean izango da jardunaldia, larunbatarekin, 10:30ean Haur Hezkuntzako familiei begira, eta 11:30ean Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren hezkuntzari begira. Bisitaldia aktiboa izango dela azaldu dute gainera, ikastetxearen arduradunek, 10:00etatik aurrera Haur Hezkuntzako umeentzat zenbait tailer antolatu dituzte-eta, “gurasoez gain, haurrek ere, ikastetxea eta irakasleak ezagutzeko aukera izan dezaten”.
Izen ematea zabalik dagoela jakinarazi dute web orrialdearen bidez (klik hemen) eta telefonoz 943 51 06 54 zenbakira deituta. Astean zehar ere ahalko da bisitarik egin ikastetxe hori zein irakaskuntza eredua bertatik bertara ezagutzeko. Azken horretarako hitzordua eskatu beharko dute interesdunek, telefonoz deituta.
Azken urteetan egindako “aldaketa metodologikoan” sakontzen jarraitzen duela azaldu du Egiluzek: “Eredu nordikoa den folkeskola gurera ekarri dugu, ikastetxeak duen eremu naturala eta ikasleen erritmoa errespetatuz. gainera, datorren ikasturtean Haur Hezkuntzako ikasle guztiak D ereduan murgilduko dira”.
Matrikulazio epea otsailaren 3tik 14ra izango da.