Babarrun jatea eta bertso poteoa Zintziliken 40. urteurrena ospatzeko
Bazkarirako tokiak mugatuak dira, eta hori horrela, txartelak lehenbailehen hartzeko aholkatu dute. Otsailaren 1ean egingo du urteurren ospakizuna irrati libreak.

Zintzilik Irrati Libreak gorriz margotu du otsailaren 1a egutegian. Egun handia izango du, 40. urteurrena ospatzeko bazkaria egun horretan egingo baitu. Mahaiaren bueltan hamaika konturen inguruan ariko dira, baina ez dira horretara mugatuko, behar bezala ospatzeko, egun osoko egitaraua antolatu baitu. Txintxarri elkartean izango da bazkaria, babarrun jatea, zehazki. Bazkariaren inguruan oharra zabaldu du irratiak, lekua 80 lagunera mugatuta dago, eta hortaz, txartelak ahalik eta azkarren hartzeko aholkatu du, “gabe ez gelditzeko”. Bazkarian, aukera beganoa ere izango da, eta horren alde egiten dutenek, txartela eskuratzeko unean jakinarazi beharko dute. 1:00etan izango da bazkaria.
Txartelak 20 euroan daude salgai Cyne Reyna eta Landare tabernetan.
Horren aurretik baina, bermutada antolatu dute, 12:30ean. Txintxarri elkartearen kanpoaldean izango da hori, eta eguraldi txarra egingo balu, berriz, elkarte barruan.
Bazkariaren ostean, bestalde, bertso poteoa antolatu du Zintzilik Irratiak. Emaitz Murua Arzallus, Libe Goenega Arrieta, eta Eñaut Martikorena bertsolariak ariko dira uhin libreen gaineko errimak egiten. Txintxarri elkartetik abiatuta, Reyna, Arkaitza, Leku Zaharra, Landare eta Iratxo tabernetan egingo dute bertso poteoa.