Gaztaño Tour: auzoaren erraietara bidaia
Zabala Enea II Gaztetxeak eta Gaztañoko Auzo Elkarteak auzoaren historia eta mugarriak ezagutzeko ibilaldia antolatu dute; etzi egingo dute, eta 'bermutada'-rekin jarriko diote ginga.

Mende laurden igaro da Gaztaño auzoko haurreskolak Oreretako Gazte Asanbladari aterpe eman zionetik. Goxo hartu zuen auzo horrek autogestionatutako herriko gazteen proiektua, eta elikatu eta hazten jarraitzeko espazioa eskaini 25 urte luzetan. Urteurren biribila ospatzeko ekintzetako bat egingo dute etzi, igandea. Gaztetxetik atera eta auzoan barrena ibiliko dira; izan ere, Gaztaño Tour antolatu dute gazte asanbladak eta auzo elkarteak elkarlanean. Ez da elkarrekin antolatzen duten lehen ekintza, auzoko jaietan ere jartzen du alea gaztetxeak.
Gaztetxean egin dute igandeko zita, 11:00etan; bertatik abiatuta ibilbide gidatua egingo dute bertaratzen direnek auzoarentzat mugarri izan diren gertaera edota pertsonen gaineko berri izateko. Hala, Gaztañoko bizilagun ziren Mikel Arrastia eta Xanti Vicente Altxu nor ziren azalduko dute ibilaldi horretan, baita esanguratsuak diren espazioak bisitatu ere: auzo lokala, gaztetxea, konposta gunea, erabilera anitzeko gunea, eta Bukagaitz elkartea edo «auzoaren bihotza». Gau Suak ere bere tartea izango du tour berezi horretan. Ibilaldiari bermutada-k jarriko dio ginga.
Gazteen iniziatiba izan dela ekintza azaldu du auzo elkarteak, «poz handiz hartu dugu, eta elkarlanean ari bagara ere, gazte asanblada ari da guztia antolatzen». Gaztetxea Gaztañon izatea «ohorea» dela erantsi du auzo elkarteak, eta oso modu «positiboan» baloratu du gazte mugimendu horrek auzoan egindako 25 urteko ibilbidea.
Ekintza irekia da, parte hartu nahi duen auzotar eta herritar ororentzat, eta antolatzaileek parte hartzera deitu dituzte, «auzoko aldapetan gora eta bera Gaztañoren izaera eta memoria ezagutzeko aukera izango dute gerturatzen direnek, baita bertako bizilagunek egindako borrokak edota interes guneak ezagutzeko ere». Memoriari erreferentzia egin diote: «Memoria duen herri bat ez da inoiz hilko»
Hitzaldia, gaur
Ez da auzoan asteburuan izango den ekitaldi bakarra. Gaur bertan, ostirala, auzo elkarteak antolatuta hitzaldia eskainiko du Gabirel Ezkurdia politologo eta nazioartean adituak. Palestina, Siria, Ukraina, Trump, Brics edota Sahel izango ditu hizpide. Solasaldia 19:00etan hasiko da, auzo lokalean.