"Estatu terrorismoa praktikatu eta ahalbidetu zutenek izen-abizenak eta siglak dituzte"
Bere izena daraman plazaren eta herritarren babespean, omenaldia egin zioten atzo Karlos Saldise Kortari, erail eta 45 urtera.

Atzo (hilak 16, osteguna) bete ziren 45 urte Karlos Saldise Korta haren etxearen atarian indar parapolizialek hil zutela. Beti egin moduan, lezoarrek aitortza egin zioten, Lezoko Sorturen ekimenez. Saldiseren izena daraman plazak jaso zuen omenaldia, dozenaka lezoarren partaidetzarekin. “Estatu terrorismoa praktikatu eta ahalbidetu zutenek izen-abizenak eta siglak dituzte”, esan zuten hizlariek. Izan ere, hilketa eta hiru hilabetera artxibatu egin zuten ikerketa. “Erantzukizuna azken muturreraino argitu dadila, nortzuk izan ziren tiro egin zuten borreroak, nortzuk Madrildik hori agindu eta finantzatu zutenak, baina baita Euskal Herrian hau gertatzea ahalbidetu zutenak ere, beste alde batera begiratu zuten horiek ere”, esan zuten.
Izan ere, bi talde parapolizial faxistak hartu zuten bere gain hilketa, Batallon Vasco Españolek eta Grupos Armados Españolesek. Baina, Saldise nork hil zuen ez da argitu, izen-abizenik ez da. “Heldu da garaia zein diren krimen horien arduradun zuzenak eta zeharkakoak argitzeko”, adierazi zuten atzoko ekitaldiko hizlariek. “Estatu terrorismoa” baliatu zutela azaldu zuten, “era zigorgabean giza eskubideak urratu eta erailtzeko. Bitartean, egia jakiteko eskubiderik gabe jarraitzen dugu”.
Iaz izendatu zuten Saldise, Egiari Zor-ek egindako lanari esker, giza eskubideen urraketen biktima, hil eta 44 urtera. “Baina ez gaude lasai. Exijitzen dugu bertan behera utz daitezela egia jakiteko eskubide baldintzatzen diguten legeak. Desklasifikatu ditzatela gertatutakoa ezkutuan mantentzen duten dokumentu ofizialak. Argitu daitezela krimenak, eta dagokionak bere gain har ditzala ardurak”.
Saldise, bere militantzia politikoagatik hil zutela berretsi zuten atzoko ekitaldian. Bizi balitz, borroka sozialekin engaiatuta legokeela ziur dira Lezoko Sortuko kideak. “Baita Euskal Gerriaren independentziaren alde, presoak etxeratzearen alde, sozialismoaren alde, euskararen alde, LGTBIQ+ mugimenduaren alde, feminismoaren alde, trantsizio ekosozialaren alde, Euskal Herria harrera herria izatearen alde… Karlosek Euskal Herria gorpuzten zuen, gu guztion borrokak gorpuzten zituen”. Munduan jarrera faxistak “esnatzen” ari diren honetan, Saldiseren ereduari eusteko eskatu zuten, aldi berean, hitza hartu zutenek, “Karlosek zuen konpromisoak bidea erakusten digu, eta bide hau ezinbestean elkarrekin antolatuta egin behar dugun bide bat da. Faxismoak transmititu nahi duen garai distopiko eta ilun honen aurrean, guri dagokigu utopiak eta ilusioa aldarrikatzea. Karlosek eta beste hainbatek bidea erakutsi ziguten”.
Hitzaldien aurretik, lore sorta jarri zuten Saldiseren monolitoan, baita Agurra dantzatu ere. Irakurketaren ondotik, Eusko gudariak abestu, eta Saldiseren arrebetako bati lore sorta eman zioten. “Gora Karlos! Gora Euskal Herria askatuta”, horrela bukatu zen atzoko ekitaldia.