Zaintza lana duintzeko borroka
Greba mugagabea hasi zutenetik 57 egun pasa dira. Euren lan baldintzetan atzera urratsik ez egitea eskatzen ari dira Sanmarkosene egoitzako erizain laguntzaileak joan den azaroan abiatu zuten borrokaldiaren bidez.

Lana eta familia bateragarri egitea ahalbidetuko dien lan egutegi duina, %100eko lan jardunak erizain laguntzaile guztientzat, eta bost langileren kaleratzeak bertan behera uztea. Horiek dira Sanmarkosene adinekoen egoitzako langile diren erizain laguntzaileen eskakizunak, eta horiek lortzeko greba mugagabea abiatu zuten joan den urteko azaroaren 25ean ELA, LAB eta ESK sindikatuek babestuta. Borrokaldi horrek 57 egun beteko ditu gaur, eta Eusko Jaurlaritzaren Lan sailak gatazka bideratu eta akordioa lortzeko bitartekari bat jarri badu ere bi aldeen artean, gaur-gaurkoz ez dute adostasunik lortu.
Cristina Corvo (ESK), Feli Velazquez (ELA), Ana Hernandez (ELA), eta Susana Zapardiez (ESK) langileek eta Eva Arrieta ELA sindikatuko ordezkariak enpresak lan egutegian proposatutako aldaketa izan dela gatazkaren iturburua azaldu dute. 64 erizain laguntzaile ari dira lanean Gureak enpresak kudeatzen duen Beraungo egoitzan; horietatik 30 lanaldi osora daude, eta gainontzekoak, berriz, lanaldi partzialean ari dira. «Iazko irailera arte, enpresa batzordeak enpresari entregatu izan dio egutegia jardunaldi osoan diren langileen oporrak txertatuta. Opor horiek kontuan hartuta, lanaldi partzialean ari diren langileen lan egutegia osatzen zuen enpresak. Pasa den irailean, langile guztiak baldintza beretan izan behar dutela esan, eta txandakako egutegi baten ordez, aleatorioa planteatu zuen Gureak-ek. Hilabete izan gara negoziazioan adostasun batera heltzeko, baina ez dugu lortu bat etortzerik. Prozesu horretan, gainera, ohartu ginen egutegia soilik ez, guztia berregituratu nahi zuela enpresak: ordutegiak, hogei langileri lanaldia murriztu eta bost pertsonaren lanaldia airean gelditzen zela; aurreikusi daiteke, beraz, bost pertsona horiek kaleratuko dituela», esan du Velazquezek. Enpresak inor ez duela kaleratuko esan diela aitortu dute langileek, eta konpromisoa hartu badu ere, ez dira fio, «ez badie langile guztiei egutegi bat edo lanaldi bat ematen, langile horiek ezin dute bizi».
Egutegi berrian, «desorekak»
Haserre azaldu dira grebalariak. Zalantzarik ez dute lan egutegiaren aldaketarako enpresak erabili duen arrazoia, aitzakia dela plantillan murrizketak egiteko: «Lan jardun osoa dugunak berdin mantenduko gaitu, baina partziala duten langileak %60ko lanaldian jarriko ditu. Horrek suposatuko du enpresak %40ko malgutasuna duela langile horiek nahi duenean deitzeko, oporrak antolatuta izan edo ez, lan jardun partzialean ari diren erizain laguntzaileak baldintza negargarrietan utziz». Jarduna murriztuko dien langile horietako batzuk orain arte %75 eta %90eko jardunaldiak izan dituztela nabarmendu du Zapardiezek, «langile beharra dagoela ageri-agerian jarri dugu askotan».
Orain arte txandakako egutegia «orekatua» bazen, enpresaren egutegi proposamenak «ezberdintasun handiak» sortu dituela langileen artean esan du Hernandezek: «Enpresa aldaketak egiten ari da harian-harian, urtarrileko egutegia ere behin-behinekoa dela esan digu. Urtarrilean nik 137 ordu izango ditut, eta beste lankide batek 170, biak jardunaldi osoan izanda. Orduak bakarrik ez, txandak ere ez dira orekatuak, batek 20 goiz ditu eta besteak zazpi, eta gauza bera gertatzen da gauekin. Horrek eragina du soldatetan, gauak gehiago ordaintzen direlako». Ildo beretik mintzatu da Corvo: «Lan oso gogorra da gurea, eta egutegi berriaren arabera lau gau jarri dizkigute jarraian hainbati, 20 urtetan bi baino gehiago ez ditugunean egin segidan. Langile batzuk asteburutan zazpi arratsalde dituzte, eta beste batzuk 19; aurreko egutegi sistemarekin ez zen hori gertatzen». Partzialtasuna ezabatzeko ere eskatu du langileak.
Zaintzaren bueltan aspaldian piztu zen eztabaida. 2023ko azaroaren 30eko greba feministak erdi-erdian jarri zuen zaintza eredua irauli beharra. Sanmarkoseneko langileek ere egin dute gogoeta lehen eskutik ezagutzen duten gaiaren gainean: «Urteak daramagu esaten arazoa dagoela, lana ez dagoela egoki egiterik, ratioak egokitu behar direla gauden langile kopuruarekin ezinezkoa baita zaintza egokia eskaintzea egoiliarrei».
130 egoiliar daude Sanmarkosenen gaur egun, eta 64 erizain laguntzaile ari dira lanean. Egunerokoa azaldu du Velazquezek: «Dinamika normal batean, 11 aritzen ziren orain arte goizez, bederatzi arratsaldez eta hiru gauez, gehi laguntzaile bana goizez eta arratsaldez. Ez da inondik inora nahikoa zaintza egokia eskaintzeko».
Ratioak eguneratzeko beharra
Lau solairu ditu egoitzak. «65 urtetik beherakoak daude lehenean eta erizain laguntzaile bakarra izaten da egun osoan, garbiketarako izan ezik, laguntzaile bat izaten du horretarako. Atsedenaldia duenean solairuan ez dago erizain laguntzailerik. Solairu horretan lanean ari den erizain laguntzaileak egoiliar bat oheratzeko garabia erabili behar duen bakoitzean, laguntza eskatu behar dio beste solairuetako bateren bati. Nola da posible erizain laguntzaile bakarra aritzea solairu batean egun osoz, 24 egoiliarrekin? Bigarren solairuan, 38 egoiliarrentzat bi erizain laguntzaile izaten dira. Gauean zegoen erizaina kendu eta erizain laguntzaile bat gehiago jarri dute. Hiru erizain laguntzaile aritzen dira gauez 130 egoiliarrekin. Horiek dira ratioak. Horrela, norbaitek uste al du zaintza egokia eskaini daitekeenik?».
Zapardiezek argi esan du: «Ratioak eguneratu behar dira, aspalditik. Gureak-ek behin eta berriz esaten du aldundiak jarritako gutxieneko ratio horren gainetik dagoela, betetzen duela. Argi gelditu da, baina, ratio horiek ez dutela balio kalitatezko zerbitzua eta arreta, zaintza duina emateko, ezta langileok baldintza duinetan lan egiteko ere».
Otorduak ere, «gero eta okerragoak» direla esan du Corvok. «Sutondok, Gureak-en enpresak egiten ditu. Garai batean bertan kozinatzen zen, baina orain prestatuta ekartzen dituzte cateringarekin». Gureak-en zentralean izan dira elkarretaratzeak egiten langileak azken borrokaldia hasi zutenetik, «ikaragarrizko eraikina dute; Sanmarkosene barrutik negargarria da, gelek pena ematen dute», kexatu da Velazquez.
Langileak amorratuta
Egoera zaila dela aitortu du Velazquezek. Gaur-gaurkoz, «amorragarria», ez direlako ezer ezberdina edo berria eskatzen ari. «Ez dugu eskatu soldata igotzea, oporraldia luzatzea, edota ordu gutxiago lan egitea. Eskatzen ari gara, berez prekarioak diren egoerak prekarioagoak ez egitea». Harago jo du Corvok eta zaintzan ari diren langileen lana ez dela aintzat hartzen baieztatu du, minduta: «Ez gaituzte gu kontuan hartzen, ezta aiton-amonak ere; pertsonak dira, eta pertsonak gara. Azaroaren 25etik greba mugagabean izatea arrazoi hauengatik ikaragarria da, egutegi batzuengatik. Behin eta berriz agerian gelditzen ari den langile beharraren aurrean lan murrizketak egiteagatik greban izatea ikaragarria da».
Zorrotz mintzatu da Arrieta. «Gureak-i dena bost axola, bai gu, baita egoiliarrak ere. Bestela balitz langileak baldintza duin eta egokietan izango lituzke, zaintza duina bermatzeko».
«Neurriz kanpokoa»
Gureak enpresak kudeatzen du Sanmarkosene, eta egoitzan dauden 130 plazen %96 Gipuzkoako Foru Aldundiak kontzertatuak dira. Gureak Zerbitzuak-eko zuzendaria da Gurutze Zabala, eta hark ere lan egutegia egiteko sistemaren aldaketa jarri du gatazkaren oinarrian, «irailaren erdialdean sistema berria aurkeztu genion enpresa batzordeari eta harekin egindako kontsultaldia joan den urriaren 31n bukatu zen, adostasunik lortu gabe». Sistema aldaketa egiteko arrazoi bakarra langile guztien eskubideak «baldintza beretan bermatzea» izan dela dio Zabalak, «ez dago beste arrazoirik erabakiaren atzean langile guztiei aukera berak ematetik harago enpresaren aldetik».
Greba mugagabearen iragarpenak enpresa «harritu» zuela gaineratu du zuzendariak, «erabat neurriz kanpokoa iruditu zitzaigulako». Aldarrikapenei ere erreparatu die, eta bere hitzetan Gureak-ek ez duela inongo momentuan langileen kaleratzerik aurreikusi esan du, «ez dugu inoiz esan halakorik, ezta planteatu ere».
Greban diren langileen eskaeretako bat da erizain laguntzaile guztiak lan jardun osoan aritzea; «ezinezkoa», dela esan du Zabalak: «Sektore honetan partzialtasunaren batez bestekoa %50ekoa da. Arreta zerbitzua izanik, urteko 365 egunetan, eta eguneko 24 orduetan zerbitzua eskaintzen du, baina lan karga, ez da bera beti. Goizean lan karga handiagoa da: egoiliarrak esnatu, jaiki, dutxatu, egin behar dira, eta gosariak eman behar zaizkie. Lan horietarako esku gehiago behar dira goiz erdian baino». Beste hainbeste gertatzen dela gauean esan du, «afaria eman eta oheratzeko lan karga ere dezente igotzen da. Hortik dator partzialtasunaren gakoa».
Datuak eman ditu ondoren, azaltzeko partzialtasun hori txikiagoa dela Beraungo egoitzan beste erresidentzietan baino, «%38,5ekoa da, batez bestekotik hamar puntu beherago dago». Ratioei ere, erreferentzia egi die Zabalak, «Gipuzkoako Foru Aldundiak ezartzen dituenetik gora gaude». Enpresaren ordezkariak berriro esan du ez duela ulertzen grebaren arrazoia. «Gatazka honen hasieratik enpresak esan du ez dela kaleratzerik izango, lanaldien partzialtasuna batez bestekoa baino txikiagoa da, eta proposatu duguna da lanaldi partziala duten erizain laguntzaileei jardunaldia igotzea». Greba «neurriz kanpokoa», eta borrokaldia bitartean ezarritako gutxieneko zerbitzuak «eskasak» iruditu zaizkio enpresari: «Egoiliarren mendekotasun egoeraren arabera ezartzen dira horiek. Sanmarkoseneren kasuan %70ean ezarri dira, eta egoiliarren %80 mendekotasun handia duten pertsonak dira. Eusko Jaurlaritzari gutxieneko zerbitzuak handitzea eskatu genion, baina ez du eskaera onartu».
Joan den maiatzean Errenteria-Oreretako bi erresidentzietan egoiliarrek bizi zuten egoeraren inguruan zabaldutako informazio kezkagarriaren gainean ere galdetu dio Hitza-k Zabalari. Grebarik ez zen tartean, eta salaketa larriak egin zituzten langile zein egoiliarren senideek: ordu ugari jarraian ohean, otorduak desorduetan, ezarritako higiene pauta betetzen ez zela… Ezarritako ratioen gainetik dagoela Sanmarkosene erantzun du Gureak-eko ordezkariak: «Ez dut esango une puntualetan zerbait gertatu ezin daitekeenik, baina Sanmarkosenen egoiliarrei eskaintzen zaien arreta ona da, eta ratiotik gora gaude, ez dugu guk finkatzen. Egoera hori ez da ohikoa gurean inondik inora ere, egiten diren inkestetan balorazioa oso ona da. Ez dut esango une puntualetan esku falta egon ez denik, baina ez da ezer orokorra».
Sanmarkosenen piztutako gatazkari epe laburrean aterabidea emateko aukerarik ikusten ote duen galdetuta, partzialtasunik gabeko agertokiari begira jarri da Zabala: «Egoera horrek gainditu egiten gaitu, enpresa batzordeari esan diogu, are gehiago, Sanmarkosene denean lan jardunean partzialtasun gutxien duen erresidentzia. Batez bestekotik 10 puntu behera dago, eta hala izanik greban den erresidentzia bakarra izatea ulergaitza egiten zaigu».
Egoera «jasangaitza»
Greba mugagabean diren Sanmarkoseneko langileek egoera «jasangaitza» dela diote. «Lan egutegi sistema berriarekin lana eta familia bateragarri egitea ezinezkoa zaigu, zazpi egunez 24 orduz, urte osoa egiten dugu lan, eta egutegi sistema berriarekin txanda aldaketak egitea ere ezinezkoa bilakatu zaigu, ez dutelako balio bera goizeko lan orduek eta arratsaldekoek. Egoerak okerrera egin du», esan du Velazquezek, eta bat datoz bere lankideak ere: «Egoera prekarioa bazen, prekarioagoa egin nahi du orain enpresak; gure borroka dagoeneko prekarioak diren lan baldintzetan atzerakadarik ez izateko da, ez dugu hobekuntzarik eskatzen, okerrera ez egitea baizik. Argi utzi nahi dugu hori».
Langileak, irmo: «Greba da eskura dugun tresna bakarra enpresak entzun diezagun». Irtenbidea «ahalik eta azkarren» heltzea espero dutela diote, eta bien bitartean, greba mugagabea mantendu eta astero antolatzen dituzten manifestazio, elkarretaratze eta autokarabanak egiten jarraituko dute.
Arrietak eskaera zehatza egin dio Gureak-i, langileen izenean: «Konpon dezala arazoa, berak sortu duelako. Langileak baldintza duinetan izateak, egoiliarrak baldintza duinetan izatea ekarriko du. Zaintzailea zaindu leloa oso ondo dago, baina lelo hutsean gelditu da». Bat egin du Hernandezek, «zaintzaileok ez gaitu inork zaintzen».
Aldundiari ere eskaera. «Sanmarkoseneko zerbitzuaren %95 azpikontratua izanik bere gain hartu behar du dagokion ardura. Dirua jartzetik harago, kalitatezko zerbitzua eskaintzen duela bermatu behar du; langileek baldintza duinak dituztela bermatu behar duen bezala». Zaintzarena «erabat» feminizatutako sektorea dela jarri dute nabarmen-nabarmen bost emakumeek, «eta ezin dugu hori ahaztu, sektore feminizatuetan beti direlako lan baldintzak prekarioagoak».
Senideei ere bidali diete mezua. «Eskutik helduta goaz, helburu bera dugu, egoiliar diren aiton-amonak egoki eta duin zainduta nahiz artatuta egon daitezen eskatzen ari gara. Ez gara soldata igoera eskatzen ari, ordu gutxiago lan egitea, edota oporraldi luzeagoa… Langileok baldintza egonkorrak eta duinak izatea eskatzen ari gara, egoiliarrak hobeto artatzeko».
Eskerrak emateko tartea ere hartu dute greban diren langile guztien izenean. «Babes handia jasotzen ari gara herritarren aldetik. Duintasuna Pentsiodunen Elkarteak edota Gipuzkoako Erresidentzietako Senideek elkartasuna adierazi digute. Horrek indarra ematen digu, babestuta sentitzen gara. Esker mila, bihotzez».
Zaintza eta pertsonak erdigunean jarri ditu Velazquezek, «zaintza erdi-erdian jarri behar dela esaten ari gara han eta hemen, eta hitzetatik ekintzetara pasa behar dugu. Pertsonekin ari gara lanean».