Hilaren 25ean bilduko dira herriko abeltzainak udalarekin
Larunbatean izango da hitzordua, 11:30ean, udaleko pleno aretoan. Hitzordura herriko abeltzain guztiak gonbidatu dituzte.
Oiartzungo mendietako beharrak antzeman eta kudeatzeko, urtean zehar zenbait bilera egiten ditu Goilarrek –Oiartzungo Abeltzainen ordezkariek, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorlurreko teknikariek osatzen duten programa–. Urte hasieran elkartzen dira datozen hilabeteetako lanak zehazteko, eta aurtengo lehen bilkura hilaren 25ean –larunbata– egingo dute.
Hitzordua udaleko pleno aretoan izango da, 11:30ean, eta bertan 2024. urtean zehar mendiko larreetan egindako lanen azalpenak emateaz gain, urte berrirako beharrak identifikatu eta lehentasunak zehaztuko dituzte.
Bilera horretara herriko abeltzainak gonbidatu dituzte.
