Oiartzungo Panterak taldeak 'Pakito' abestia argitaratu du
Bazkaloste batean otu zitzaion lagun talde bati kantu bat egitea, eta atzo argitaratu zuten lanaren emaitza YouTuben.
'Pakito' abestiaren irudia. Oiartzungo Panterak. Duela bi aste eman zituen Oiartzungo Panterak taldeak lehen urratsak, eta hype-a sortu ondoren atzo argitu zituzten bizilagunen zalantza guztiak Pakito abestiarekin. Irati Muñoz eta Irati Matelok jarri die ahotsa kantuari, baina Amaia Bargallo, Alex Mitxelena, Ainhoa Txapartegi, Irati Matelo eta Yeissa Arruabarrenak egin dute letra. Matelo bera arduratu da bideoaz eta baita produkzioaz ere, baina abestiaren basea eta portada adimen artifizialak egin ditu.
Urte hasieran kuadrillako baten etxera joan zen lagun taldea bazkaltzera, eta deskantsuan zeudela otu zitzaien abesti bat egitea. Hortaz, papera eta boligrafoa hartu eta letra idazteari ekin zioten. Irati Muñozek kontatu du zein izan zen abestiaren sorkuntza prozesua, eta azaldu ere egin du taldearen zein kantuaren izena nondik datozen; lagun taldeko kide batek katua dauka, eta haren berezko izenari tiraka atera zen Pakito izena. Beltza da katu hori; hortaz, horra pantera batekin duen antzekotasuna.
Kideek kantuaren letra idazteaz amaitu zutenean adimen artifizialean sartu zuten, eta hark sortu zituen kantuaren doinuak. Gehien gustatu zitzaien basea hartu, aldaketa batzuk egin eta horrelaxe sortu zuten abestia. “Instagram kontu bat ere ireki genuen, eta argitalpen batean esan genuen Oiartzungo tabernetan saltsa jartzeaz arduratuko ginela. Hasieran ez genuen esan zein ginen hype apur bat sortzeko. Jendea jarraitzen hasi zitzaigun, eta hor piztu zen jendearengan nor ginen jakitearen harra “, dio Muñozek.
Kuadrillako baten etxean grabatu zuten abestia, eta astelehen gauean argitaratu zuten YouTuben. “Oso eskertuta gaude jasotzen ari garen maitasunarekin; Oiartzunen jendea zoragarria da. Gure artean asko babesten gara eta horrelako gauzekin jendeak babes handia ematen du. Jende asko ari zaigu idazten”, gehitu du. Hots, lagun taldearen helburua “Oiartzungo tabernetan Pakito ron roneo entzutea da, gutxienez behin, ez beste ezer”.
Halaber, abeslariak azpimarratu du ez direla musikariak ezta profesionalak ere; “kuadrillan egin genuen zerbait da, ez da ezer serioa. Ez dakigu kanta gehiago egingo ditugun, hemen geratuko den hau edo zer gertatuko den Oiartzungo Panterekin, baina Pakitorekin hemen gaude, asko disfrutatzen”.
