Baiona eta Errenteria batuko dituen kultur zubia
Herri Arte Eskolak eta Baionako Maurice Ravel kontserbatorioak lankidetza hitzarmena sinatu dute.

Herri Arte Eskolak eta Baionako Maurice Ravel kontserbatorioak hiru urterako hitzarmena sinatu dute gaur. Bi erakundeen arteko lankidetza indartze du helburu hitzarmenak, musika eta dantza arloetan ikasleen eta irakasleen arteko elkarlana sustatzeko. Hala esperientziak eta ezagutzak trukatuko dituzte, baliabideak partekatuta antolamendua hobetu eta garapen akademikoa bultzatzeko. Bi erakundeen arteko harremanean sakontzeko gainera, hainbat proiektu aurreikusten dira akordioaren barruan.
Hitzarmena sinatu eta haren berri emateko agerraldia egin dute Herri Arte Eskolan gaur goizean Aizpea Otaegi alkateak, Aitor Zorzano Herri Arte Eskolako lehendakariak, Beñat Ralla Herri Arte Eskolako Pedagogia koordinatzaileak, Edgar Nicoleau Maurice Ravel Kontserbatorioko eta Orkestrako zuzendari nagusiak, David Rachet, kontserbatorio bereko zuzendariordeak, eta Maite Etxeberria Maurice Raveleko administrazio kontseiluko lehendakariordeak.
Zorzanok eman ditu xehetasunak, eta hitzarmena aurreko urtean hasitako harremanen ondorio dela azaldu du. Hitzarmena bi eskolen arteko loturak “sendotzeko” aukera gisa ikusten du, “kultura eta artea sustatzen jarraitzeko konpromisoa suposatzen du hitzarmenak, eta hezkuntza artistikoaren kultur sorkuntzaren etorkizun oparoa irudikatuz gure herrian, euren herrian, eta gure lurraldean”. Zalantzarik ez du, gainera, hitzarmenak onurak ekarriko dizkiola Herri Arte Eskolari, baina baita udalerriari ere, eta horren barruan, hiru alderdi nagusi aipatu ditu: “Eskola honen proiektua sendotzeko bidean lagunduko du, proiektu artistiko ezberdinen sorkuntza eta bi eskolen ikasle eta irakasleen artean sortzen diren harremanak onuragarriak izango dira elkarrekin ikasteko aukera emanez, eta azkenik, herri honen kultur eskaintzari ere onurak ekarriko dizkio, Iparraldeko Orkestra bezalako proiektu bat herritarrengana ekarriz”.
Musika txoko guztietara eraman
Etxeberriak, bere aldetik, nabarmen jarri du Baionako kontserbatorio eta orkestraren helburu nagusia, musika Euskal Herriko txoko guztietara eramatea dela, “musika lau haizetara hedatzea, kultura transmititzea eta arte ezin ederragoa eskainiz baldintza hoberenean”. Hitzarmena, bi erakundeen arteko elkarlana biribiltzera dator haren hitzetan, “argi adierazten dugu bien arteko elkarlana hainbat arlotan: pedagogia arloan, edo artistikoki. Horren barruan, hilaren 30ean, 19:00etan Lekuona Fabrikan LVIVeko Mandolina ipuin musikala euskaraz kontzertua emango du Iparraldeko Orkestrak. aurten mende erdia beteko du. Sarrerak dagoeneko salgai daude (klik hemen). Lehen aldiz emango dute lan hori euskaraz.
Era berean, Udal Txistulari Taldeak kontzertua emango du Donapaleun, otsailaren 1ean. Proiektu hori Mixel Labegerie proiektuaren barruan dago kokatua, Errenteriako udal txistulariek Iparraldeko hainbat musika eskoletako ikasleen parte hartzearekin garatzen dutena.
Musika herritarrak elkartzeko zubia dela esan du, bestalde, Etxeberriak “liluratzeko bidaia eginarazten diguna, geroa elkarrekin eraikitzeko”.
Bi urtetako elkarlana hitzarmen marko batean formalizatu dutela gaurkoan esan du berriz, Nicoleauk, “kontserbatorioa eta orkestra profesionala ere bagara eta horrelako lankidetzak egiteko aukera ematen digu horrek. Oso argi dugu, lurraldean eragiteko gaitasuna dugula, begirada bat dugu eta kasu honetan ez da bakarrik Iparraldean izango, baita hegoaldean ere”.
Baionako kontserbatorioari begira
Rallak berriz azken lau urtean Herri Arte Eskolak abian jarritako bidearen barruan lehen begiradak Baionako kontserbatoriora eraman zituela azaldu du, “bertan musika eta dantzaz gain, antzerkia ere eskaintzen dutelako egitura beraren barruan. Gure Herri Arte Eskola pedagogikoki eraberritzeaz gain, gure asmoa zen diziplina artistikoetan ere zabalkuntza ematea eta Euskal herrian bertan bagenuen nora begira jarri: Baionako kontserbatorioa. Hortik dator inspirazioa, eta Baionarekin harremantzeko nahia”.
“Zortea”. Hala definitu du pedagogia koordinatzaileak zuzeneko kontzertu sinfoniko batez gozatzeko aukera izatea herrian bertan. izan ere, hitzarmenaren barruan, IO Iparraldeko Orkestrak hitzarmenaren hiru urtean emanaldia eskainiko baitu urtean behin udalerrian: “Musikasten izaten dugu horretarako aukera Euskadiko Orkestrak eta Andra Marik elkarrekin eskaintzen duten kontzertuarekin; urteari bigarren orkestra hitzordua gehitu ahal izatea balioan jartzeko hitzordua dela uste dut”.
Baionako kontserbatorioak dantza, musika eta antzerkian euskal mintegi bat garatzeko nahia adierazi izana ere jarri du nabarmen Rallak, “Baionako musika tradizionaleko mintegitik bai Eresbilera baita gure eskolara ere etorri izan dira erreferentzia moduan gaituztelako Herri Arte Eskolan txistu, trikitrixa, txalaparta, alboka, dultzaina eta lantzen ditugun proiektuekin uste zutelako ekarpena egitea geniela. Uste dut horrenbestez, etorkizun pedagogiko eta artistiko oparo bat ospatzeko moduan gaudela”.
Herri Arte Eskolarekin erraz ulertu direla jarri du nabarmen Rachetek, “gure bi erakundeetako balio pedagogiko eta artistikoak indartzeko funtsezkoa izango da eta oso emankorra”.
Azken hitzak, Otaegirenak izan dira. Bi erakunderen arteko elkarlana “emankorra” eta “aberasgarria” izaten ari dela esan du, “gaurkoan sendotzen dugu gaur arteko bidea eta konpromisoa hartzen dugu ere datozen urteetan elkarlan horretan sakontzen jarraitzeko. Ziur naiz elkarlan hori oso aberasgarria izango dela guztientzako. Herri honetan badakigu zerbait, nolabait, kulturak eta arteek, pertsonen eta herrien artean zubiak eraikitzeko duten gaitasunaz. Gaurko hitzarmenarekin egin asmo dugun bide horrekin muga zubi bihurtzeko urrats garrantzitsua egin dugu; zubi bi eskolen artean, zubi ikasleen artean, baita bateko zein besteko profesionalena, zein ikus-entzuleen artekoa. Gainera, balioan jarriz zubiaren bi aldeetan kultur ekosistema aberatsa. Gaurkoa ospatzeko eguna da”.