"Probintzia bakoitzetik ateratzen den haize hori jaso nahi dugu"
Lau urtean behin egiten dira Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentetzarako hauteskundeak. Joxemari Mitxelena Kazabon oiartzuarra da, eta presidente posturako lehiatuko da bihar ‘Pilota 7 Haizetara’ taldearen izenean.

Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte bihar –hilak 25–. Bi talde daude lehian, eta horietako bat da Joxemari Mitxelena buru duena. Ibon Taberna Karrera lezoarra ere badago Mitxelenaren taldean.
Zer eta noiz dira hauteskunde horiek?
Bihar –hilak 25– izango dira hauteskundeak, eta hori da Euskal Herrian pilotaren munduan dagoen estamenturik altuena. Piramide baten punta da nolabait esatearren, eta gu piramide horren oinarrikoak gara, lokatzetan ibilitakoak. Badakigu zer den klub baten beharra izatea, klub batean lana egitea eta baita kluba aurrera ateratzea ere. Federazio batean lan egiten ere badakigu, eta aipatzekoa da gure taldean dagoela orain arteko Euskadiko pilota federazioko presidente ordea. Dakiguna, orain arte egin duguna eta orain arte erakutsi duguna goitik egitea falta zaigu. Lau urtetik behin egiten dira bozketak.
Presidente postuan aurkezten zara biharko hauteskundeetara. Zein da pilotarekin duzun harremana?
Dena [barrez]. Etxe batean jaio nintzen, eta erditu ninduten logelako pareta frontoi bateko ezker pareta zen. Betidanik ibili naiz pilotan, baina pilotari ofizial bezala 1972an hasi nintzen. Orduz geroztik epaile, xaxari, txapelketen antolatzaile, federazioko partaide… izan naiz. 1976an, 18 urterekin, federatiboa nintzen. Ondorioz, pilota mundu ofizialean 53 urte daramatzat. Aurtengoa 54. urtea da.
Zer da Pilota 7 Haizetara eta, zergatik izen hori?
Hamalau laguneko taldea da. Asko maite dugu pilota, eta ikusi dugu zerbait egiteko gai garela. Gure ideiak eman nahi ditugu, eta uste dugu gauza batzuk hobetu ditzakegula. Euskal Herria bere osotasunean ikusten dugu, zazpi probintziekin. Hortaz, probintzia bakoitzetik ateratzen den haize hori jaso nahi dugu.
Zenbait gauza egiteko gai zaretela diozu. Zein gauza?
Kluben kluba izatea da helburu nagusia. Federaziotik oso urrun ikusi izan da beti kluba, baina guk gertutasuna adierazi nahi dugu klubak indartuz; pilotaren etorkizuna klubetan dagoela ikusten dugu. Ez badago klubik euskal pilota ez litzateke izango.
Gainera, euskal pilota da gure hizkuntzaren izena daraman kirol bakarra. Euskal pilota da gurea; gurea ez da pilota. Pilota eta euskal pilota ez dira gauza bera. Beraz, garrantzia handia ematen diogu herriari eta hizkuntzari, eta bide horretan uste dut euskara indartzeko pertsona egokienak gaudela taldean. Euskal pilota kultura eta ondarea ere bada; ez da kirola soilik.
Bihar irabazten baduzue, zer izango da egingo duzuen lehen gauza?
Klubekin lanean hasiko ginateke horiek indartzeko asmoz. Azken boladan asko ari gara entzuten ofizialtasunari buruz. Joko zuzenetan Euskal Selekzioa ofiziala da 2016tik, eta Europa eta nazioartean ofizialak diren txapelketak jokatu ditugu Euskal Selekzio moduan, gure ikurrinarekin eta gure ereserkiarekin. Baina plekazkoetan [paretaren kontra jokatzen diren modalitateak: eskuz, palaz, zestoaz…] orain daukagu aukera ofiziala izateko. Pausu handi bat eman eta Federacion Internacional de Pelota Vasca-ko kide izateak ahalbidetzen du Euskal Selekzio ofizial moduan jokatzea. Eta horren zain gaude; federazio moduan eman beharreko pausoak eman ditugu. Orain ea azken pausuak ematen diren eta ofizialtasun hori lortzen dugun.
Taldearen aurkezpenean emakumeen pilota aipatzen duzue. Zer egingo duzue hori hauspotzeko?
Hiru emakume daude gure taldean, eta denek dute esperientzia pilotaren munduan. Txiki-txikitatik pilotan dabiltzan neskentzat pertsona bat dugu: Alaitz Badiola. Eskola kirolaren koordinatzailea izan da bera eta badaki zer den azpi-azpitik haurrekin lan egitea.
Itxaso Erasun da bestea, pilotaria. Gaur egun emakumeen pilotaren inguruan inork badaki, bera da.
Eta, Itsaso Zubizarreta da bestea, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Esku Pilota taldeko zuzendaritza batzordeko kidea.
Zuzendaritza batzorde batean bakarrik gizonak egon behar dutela dirudi, baina ez; emakumeak ere badaude, eta guk hiru emakume horien bidez hiru esparru landuko ditugu: haurrak, pilotariak eta klubak. Hiru emakume horiek dakitenarekin indartu nahi dugu, eta pertsona egokienak direla uste dugu.
Hamalau pertsonako taldea zarete. Aurrez ezagutzen zineten?
Nik denak ez bada ia denak ezagutzen nituen. Zenbait modalitatetako jendea dago taldean, klubetan-eta lan oso ezberdina egiten dutena. Federazioa osatzeko idazkaritza eramango duen norbait behar da, baita diruzaina ere… Pertsona egokiak behar dira horretarako. Lizentziak eta fitxak egiteko garaian ere aseguruekin hitz egin behar da, eta jakin egin behar da horiek nola kudeatu. Laburbilduz, denak gara pilota mundukoak, baina atal ezberdinak lantzen ditugu.
Euskal Selekzioaren inguruan asko ari gara entzuten azken boladan. Nola ikusten duzu egoera?
Euskal Selekzioari dagokionean, ofizialki soilik hiru probintzietan lizentzia duten pilotariak aukeratu ditzakegu. Azken zortzi urteetan joko zuzenetako hautatzailea izan naiz, eta modalitate horretan ere soilik hiru herrialdeetako fitxa duten pilotariak eramateko aukera genuen. Halaber, txapelketa guztietara eraman dugu nafarren bat eta baita iparraldekoren bat ere. Munduko txapeldun geratu dira neskak, mutilak mundu mailako txapeldun orde geratu dira, eta ez da inolako arazorik egon ez dagoelako horrenbesteko soinurik.
Ez da ezer gertatzen; uzten badigute eta pilotariek nahi badute, hori paretaren kontra jokatzen diren modalitateetan egitea ere gustatuko litzaiguke. Joko zuzenetan jokatu dugu, ez da ezer gertatu, beste herrialdeak-eta ez dira kexatu… Ez da inolako boom-ik sortu, eta orain ematen du paretaren kontrako modalitateetan izugarrizko beldurra dagoela Euskal Selekzioarekin Nafarroako eta Iparraldeko pilotariek jokatzeko.
Guk ateak irekiko ditugu, eta ez dugu inor behartuko; pilotariek nahi badute jokatu dezatela, ez badute nahi, ez. Ez dugu oztoporik jarriko, baina gustatuko litzaiguke nafar batek edo iparraldeko batek nahi badu gurekin jokatu oztoporik ez jartzea. Eta noski, jokatzen badu, gero zigorrik ez jartzea. Horretarako hitz egin beharko genuke Nafarroako, Frantziako eta Espainiako federazioekin eta ikusi ea adostasun batera iristen garen.
Lehen esan moduan, guk Euskal Selekzioa bere osotasunean ikusten dugu, eta ez dugu esan bakarrik egiten; joko zuzenetan egin egin dugu, eta hori da azaldu nahi duguna, egin egin dugula eta ez dela ezer gertatu ezta polemikarik sortu ere. Ea paretaren aurkako modalitateetan ere berdina jokatzen den.