Animalien ordenantza eguneratzeko eskatuko dute EAJ eta PSE-EEk
Mozioa aurkeztuko dute gaiaren gainean biharko ohiko udalbatzaren osoko bilkuran.
Euskal Artzai txakur bat. Mozio bateratua adostu dute PSE-EEk eta EAJk animalien ordenantzaren gainean, eta hura berritzeko eskatuko dute. Bihar aztertuko du plenoak mozio hori, eta bi alderdiek azaldu dutenez, helburua udal ordenantza Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zein Espainiako Estatuko araudi berrienekin lerrokatzea da. Ez hori bakarrik, etxeko animaliak udal eraikinetan sartzeko debekua ezabatzea ere eskatuko dute mozioaren bidez..
Besteak beste, udal eraikinen kanpoaldean animaliak lotzeko erabiltzen diren elementuak ezabatzea eskatzen dute EAJk eta PSE-EEk, “haien ongizatea arriskuan jartzen duten praktikak saihesteko. Gainera udal espazio publikoetan segurtasuna, higienea eta bizikidetza bermatuko duten baldintza zehatzak ezartzea proposatzen dugu”.
Proposamenak, etxeko animaliekin elkarbizitza”areagotzea”, eta animalien ongizatea bermatzeko tokiko politikak egokitzeko beharrei erantzuten diola azaldu dute. Almudena de la Torre zinegotzi sozialistaren arabera, “ezinbestekoa” da etxeko animaliak Errenteriako eguneroko bizitzan integratzea ahalbidetuko duten konponbideak lantzea, “betiere, segurtasun eta bizikidetza araudiak errespetatuta”.
Ordenantza udalaz gaindiko legeetara egokitzea bilatzen dutela mozioaren bidez esan du bestalde Elixabete Murua jeltzaleen bozeramaleak. Hortik harago, sentsibilizazio kanpainak ere aurreikusten ditu mozioak, “herritarrei animaliekin elkarbizitzarako jardunbide egokien eta indarrean dauden araudien berri emateko. Era berean, gobernu taldeari eskatzen diogu aldizkako ikuskapenak egiteko eta ez betetzeen kasuan zehapenak aplikatzeko”. Animalien ongizateko politikak indartu nahi dituztela esan dute azkenik bi alderdiek, “gaur egungo balio sozialak islatuko dituen elkarbizitza eredu errespetuzkoa eta inklusiboa sustatuz”.
