Duintasuna: "Atzera urratsik ez dugu onartuko"
21/2021 Legean otsailerako ezarritako pentsioen igoera bertan behera geratu da Espainiako Kongresuak lege-dekretua ostiralean indargabetu ondoren.
Sinadurak biltzen ari da Duintasuna gutxieneko pentsioa, Lanbide Arteko Gutxieneko soldatarekin parekatzeko.Duintasuna Haserre dago Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua. Horretarako arrazoia nahikoak ditu, ez da zalantzarik. Joan den ostiralean Espainiako Kongresuak indargabe utzi zuen abenduan onartutako lege dekretua. Hori horrela, 21/2021 Legean otsailetik aurrera ezarritako pentsioen igoera ondoriorik gabe utzi du Duintasunak salatu duenez, “2018ra itzultzea dakar, pentsioen izoztera”.
Erabakiaren izapidetzearen gaineko baloraziorik ez du egin Duintasunak, baina “engainatu” dituztela argi duela esan du, haserre, ” engainatu gintuzten 21/2021 legean pentsioen balioa KPIaren arabera handitzea sartu zenean, edo engainatu egin gaituzte orain, pentsioak merkantzia politiko gisa erabilita”.
Gogor salatu du pentsiodunen mugimenduak pentsioen igoera eragotzi duten alderdien jokaera, “PP, VOX, Juntsen jarrera arbuiatzen dugu euren botoarekin gure pentsioen igoera eragotzi dutelako. Baita Espainiako Gobernuaren jarrera ere, aldez aurretik ez dituelako bermatu horretarako beharrezkoak diren botoak eta prozedura”. Harago jo du Duintasunak, eta arrazoi alderdikoiak medio, “adarra jotzen” ari zaizkiela pentsiodunei adierazi du, “pentsioen igoera bermatu behar zuten, bai edo bai”.
Egoera “justifika ezina” da pentsiodunen mugimenduarentzat, “gure erreakzioa sumindura besterik ezin da izan. Asko kostatu zaigu lortutakoa, eta ez dugu atzera pausu bakar bat ere onartuko”. Hori horrela, pentsiodun guztien babesa eskatu du Duintasunak, “otsailean eta hurrengo hilabete eta urteetan ere gure pentsioen igoera bermatzeko. Otsailaren 20rako pentsioen igoera bermatuta ez badago, otsailaren 22an kalera aterako gara, 2018an egin bezala”.
Pentsiodun guztien gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuko duten diru sarrera nahikoak bermatzeko, eta pentsioetan genero arrakala murrizten laguntzeko HEL Herri Ekimen Legegilea aurkeztu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztu duen HEL Herri Ekimen Legegilea babesteko sinadura bilketa egiten jarraitzen du, bestalde Duintasunak.
