Bibetokia, bizitza oso baterako gunea
BIBE egitasmoaren barruko beste urrats bat egin dute gaur Lezon: Bibetokia espazio iraunkorra zabaldu dute.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2025/01/bibetoki1.jpg)
Bibetokia inauguratu dute gaur goizean, Zubitxo kalean dago egoitza. Duela urtebete herrian abian jarri zen BIBE (Bizitza Berria eta Betea) proiektuaren barruko azpiegitura fisikoa da, eta zahartzaroaren eta bizitza osoaren gaineko hausnarketa eta elkarrizketak sustatzeko lekua da. Gaurkoa irekiera ofiziala izan bada ere, jada hasi dira erabiltzen lezoarrak eta egitasmoaren gidariak topagunea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri egitasmoaren eta horren aterki den fundazioaren barruko gizarte azpiegitura da. Baina egitasmoaren oinarrian elkarlana ezinbesteko baldintza denez, erakunde mailan Lezoko Udala eta Eusko Jaurlaritza ere bertako partaide dira. Aitonen eta Amonen Borda, Aubixa fundazioa, Aptes, Helduak Adi eta Aguijupens dituzte ezinbesteko laguntzaile. Herritarrentzako topagune izango da Bibetokia, gero eta luzeagoa den bizitzari eta zahartzaroari, nahiz gizartearen erronkei eta aukerei heltzeko espazioa. Hitz egiteko eta entzuna izateko eremu izango da, konpartitzekoa, bakarrik sartu eta taldean ateratzekoa.
Handira egin dute gaurko inaugurazioa. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia; Mikel Aurruti Lezoko alkatea; Nerea Melgosa Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburua; Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketarako diputatua eta Adinberri fundazioko presidentea; Rakel San Sebastian Adinberri fundazioko zuzendaria; Anabel Juaristi Aubixako presidenteordea, eta Adriana Martinez Aptes-eko zuzendaria izan dira bertan, beste askoren artean. Aitonen eta Amonen Bordak paper oso garrantzitsua du BIBE egitasmoan, haiek baitira parte hartze zuzenean dabiltzanak, eta haien ordezkari Asun Carcedo eta Lourdes Garmendia izan dira agerraldian. Haietako gehienek hartu dute hitza inaugurazio agerraldian.
Gaurko aurkezpen agerraldian hitza hartzen lehena Eider Mendoza ahaldun nagusia izan da. Adierazi du “bizitza berria eta betea” izateko eremua izango dela Bibetokia, zahartzaroan zaintzaz gaindi, bizitza betea izateko aukera dagoelako. “Espazio honek hori eskainiko du. Konpartitzeko leku bat, gogoetarako leku bat, bizitza bete hori lortu dezagun. Gizartea asko aldatzen ari den honetan erronka handi bat dugu: pertsona guztiok bizitza bete bat izatea. Gure lurraldeak oinarri sendoak dauzka, eta osotasunean komunitatea ondo bizi da. Ondo egon eta ondo sentitzearen artean badago arrakala, ordea. Gutako bakoitzak, gauden tokian gaudela, dugun adina edo sexua daukagula, bizitza betea eduki behar dugu. Horretarako, horrelako espazio berritzaileak ezinbestekoak dira”. Bibetokia sortzeko prozesuan izandako elkarlana goraipatu du Mendozak, eta herritarrei eta herriari ekarpena egingo diola esan du. “Ez da kasualitatea egoitza hau Lezon, Oarsoaldean izatea. Aldundiak hainbat egitasmo berritzaile abiatu ditu bertan Adinberri estrategiaren barruan, eta Pasaiako Zaintza Herrilab da horren adibidetako bat, herrialdean zabalduz ari dena”.
Nerea Melgosa sailburuak, bere aldetik, nabarmendu du Jaurlaritzak betidanik izan duela lotura Adinberri estrategiarekin, eta horretarako baliabideak erraztu dituela. Erakundeen eta herritarren arteko elkarlana goretsi du, eta zahartzaro aktibo eta betearen bidean kolaborazioaren bidetik joan behar dela adierazi du, “horrela lan egiten dugu Euskadin”. Adinekoak entzunak izan behar direla adierazi du Melgosak, eta Lezon garatzen ari den egitasmoarekin bide hori egoki egiten ari dela ziurtatu du. “Ea Adinberri egitasmoaren barruan Lezon garatu den honek segida duen beste herrietan ere”.
Arruti alkateak azaldu du gobernu taldearen agintaldiko leloa Elkar zainduz Lezo dela. Horren harira, esaldi horrek eremu zabal bat bere egiten duela adierazi du, eta horren arabera ere adinekoek dituzten erronkak kokatzen dituztela. “Erronka horiei erantzun ahal izateko errezetak zaharkituta gelditu direla ulertzen dugu. Berriak behar ditugu, guztien artean eraikitakoak eta herritarren parte hartzearekin. BIBE prozesuak bide hori darama, proiektua ilusioa eta gogo handiz jaso genuen, eta horrela ari gara garatzen”.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2025/01/bibetokia2.jpg)
Eider Mendoza diputatu nagusia, Bibetokiaren irekiera hizketaldian.
Eragileak
Ordezkari politikoen ondoren, BIBE prozesua eta Bibetokia posible egin dutenek hartu dute hitza. Aubixa fundazioko kide Anabel Juaristik azaldu du iritzi bilketa egin dutela lezoarren artean, batik bat adinekoekin. Iritzi horien gaineko ikerketa egin dute, eta emaitzen berri eman du Juaristik. Aipatu du egungo adinekoek ez dutela espero euren oinordekoek haiek zaintzea, baina aldi berean ez dutela zaintzaren “zama” euren oinordekoek hartzea. Gainera, osasun ona izatea, bizitza egokia izateko aukera dela dago jasota ikerketaren emaitzen artean, baina osasun ona izatea ez dela ondo bizitzeko baldintza bakarra: adinekoek ondoan jendea, herritarrak, eta entzunak izatea nahi dute.
Aptes fundazioa arduratzen ari da BIBE egitasmoaren barrukoak dinamizatzeaz. Bertako Adriana Martinezek azaldu du gogoeta prozesu emankorra ematen ari dela proiektuaren barruan, eta hori egikaritzeko izan diren gune eta eragile guztien ateak zabalik aurkitu dituztela. Tartekako topaguneak egin dituzte prozesuaren barruan, bakarkako nahiz taldekako gogoetak egiteko, “nola bizi nahi ditut aurretik ditudan urteak? Galdera horri erantzuten saiatu gara. Baina ez norbanakoen ikuspegitik, baizik eta komunitatearen bidetik”. Hala, Bibetokiak pertsonak harremantzeko bokazioa duela zehaztu du, erabiltzaileek elkarrekin eraikiko eta edukiz beteko dutelako, elkarrizketatik ezagutza bultzatuz, elkar ezagutza. “Zentzua duten bizitzak eraiki nahi ditugu, esanahia dutenak. Ondorio hori atera dugu. Eta ondorio horiekin lanean hastea tokatzen zaigu. Bibetokian gertatzen dena ez dadila gelditu hemen. Herrira zabaldu behar da. Hemen ikasitakoa Lezon barreiatu behar da”.
Aitonen eta Amonen Bordako Asun Cercedo BIBE egitasmoan aktiboki parte hartzen ari da. “Oso baikorra izaten ari da dena. Agurtzetik bakarrik ezagutzen genituen herritarrak, orain sakonago ezagutzen ditugu. Entzuten, hitz egiten, emozioak azaltzen ikasi dugu. Ondokoa nola dagoen ikasten ari gara, nola sentitzen den. Zahartzaro hobe bat izateko lanean, oso bide ederra egiten ari gara”. Lourdes Garmendiak, bere aldetik, herriko erretiratuen klubeko bazkideen kopurua azken urtean %50ean hazi dela azaldu du, hortaz, duten lokala baino egokiago den beste bat faltan botatzen dutela adierazi du, eta gainera, egun osoz irekia izatea nahiko lukete. “BIBE proiektuan parte hartzen ari diren bazkideak ilusioz ari dira, hemendik zer aterako den jakiteko gogoz. Ziur gaude hemendik emaitza baliagarriak aterako direla”.