BTT Lezo Gaztea, igandean
OTXEk eta Lezokoak elkarteak elkarlanean antolatu dute gazteentzako BTT topaketa. Adinaren arabera banatuta, bi bide egingo dituzte partaideek.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2025/01/lezo-bttgaztea.png)
Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak (OTXE) eta Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu elkarteak bigarrenez antolatu dute Lezo BTT Gaztea mendiko bizikleten zaleen topaketa. Igandean (otsailaren 2an) izango da, eta 2010-2014 urteen artean (bi urte horiek barne) jaiotakoei bideratuta dago. Bi ibilbide egingo dituzte, adinaren araberako trazatuekin, izena ematen dutenek. Izen emateak Karlos Saldise plazan egin behar dira, 09:00etatik 09:45era. 10:00etan hasiko dira txirrindulari gazteak bi bideak egiten, Karlos Saldisetik hasita. Doan da izen ematea (asegurua izango dute parte hartzaileek). Ekitaldiaren helburuak dira bizikletaren erabilera sustatzea, nahiz OTXE eta Lezokoak ezagutaraztea.
2010, 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoek Jaizkibeldik zehar ibilbide luzea egingo dute, 21 kilometrokoa: Lezotik Hondarribiko Guadaluperaino joan eta buelta. Gazteenek, 2013 eta 2014 urteetan jaiotakoek, bide motzagoa izango dute, 11 kilometrokoa: Iriartene ingurura joango dira, eta Lezora Jaizkibeldik itzuliko dira. 12:00ak aldera iritsiko dira bi taldeetako txirrindulariak Saldisera. Ibilbide osoan zehar JRG Norclamp OTXE mendiko bizikleta taldeko txirrindulariak, nahiz OTXEko begiraleak izango dituzte bidelagun partaideek. Kaskoa eta ordezko materiala (kamara, bonba eta desmuntaiarako erramintak) derrigorrez eraman beharko dituzte txirrindulariek.
Behin bidea eginda, Lezokoak elkarteari esker hamaiketako ederraz gozatu ahal izango dute kirolari gazteek.