Eremu tentsionatua da Errenteria-Orereta
Martxan da eremu tentsionatuaren izendapena, erreferentziazko prezio indizerik gabe.

Udalerria eremu tentsionatua da gaurtik. 2024ko otsailean Errenteriako Udalak egindako eskaera onartu zuen pasa den urrian Eusko Jaurlaritzak, eta gaur argitaratu dute izendapena Espainiako Estatuaren Aldizkari Ofizialean. Hori horrela, gaurik hasi eta datozen hiru urteetan gutxienez, eremu tentsionatu izango da udalerria; epe hori luzatzerik izango da hiru urtekoa bukatuta, izendapena eragin duten baldintzek bere horretan badiraute.
Eremu tentsionatu izendatzeko bi baldintzak betetzen ditu Errenteria-Oreretak: Alokairuaren batez besteko prezioa %17,2 igo da azken bost urteetan, KPI kontsumoko Prezioen Indize metatua baino %3,2 gehiago, eta hipotekaren edo alokairuaren kostuaren batez besteko zama bizikidetza unitatearen edo aurrekontu pertsonalaren %33koa da, batez beste.
Izendapenaren ondorioak, honakoak izango dira gaurtik aurrera. Bost urteko kontratua amaitutakoan, hiru urtez luzatzeko aukera izango dute alokairuan bizi direnek, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Kontratu berrietan berriz, alokairuaren prezioa mugatu egingo da, eta horrenbestez, kontratu berriek ezingo dute gainditu egindako azken kontratuaren errenta. Legeriaren arabera kontratuak %10 igo ahalko dira, hamar urtetik gorako alokairuetan edo etxebizitzaren birgaitzearekin, energia eraginkortasunarekin, edo irisgarritasunarekin hobekuntzak egin badira.
Izendapena, “hankamotz”
Ez dira aurrekoak ondorio bakarrak, indarrean neurri gehiago ere sartu dira gaurtik izendapenarekin. Jabea edukitzaile handia den kasuetan —bost etxebizitza edo gehiago dituenean— kontratu berrien zein indarrean daudenen alokairuan prezioa mugatu egingo da. Prezioari ezarri dakiokeen gehieneko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemak zehaztuko du. Gainera, azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzetan alokatzeko kontratu berrien prezioa mugatu egingo da. Prezioari aplika dakiokeen gehieneko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemak zehaztuko du.
Azken bi neurri horiek dira oraindik indarrean sartuko ez direnak udaletik azaldu dutenez, “Espainiako Etxebizitza Ministerioak ez baitu zehaztu erreferentziazko prezioen indizea”. Kexu azaldu da Aizpea Otaegi alkatea, “ulergaitza da herritarrentzat hain premiazkoa den gai batekin, eta udalak bere lana egin ondoren, legeak ahalbidetzen dituen tresna guztiak martxan jarri ezin ahal izatea udalerriz gaindiko instituzioak ez direlako gai izan euren lana egiteko”·
Batzar irekiak
Eremu tentsionatu izendapenak berekin dakartzan neurrien gaineko informazioa herritarrei emango die udalak lehen eskutik, eta horretarako batzar irekiak antolatu ditu datorrena stean. Otsailaren 5ean, asteazkena, izango dira lehenengo biak reina aretoan 18:00etatik 19:00etara euskaraz eta 19:00etatik 20:00etara gaztelaniaz.
Otsailaren 6an, osteguna, aldakoenean egingo ditu batzarrak udalak, 18:00etatik 19:00etara gaztelaniaz eta 19:00etatik 20:00etara euskaraz.
Eremu tentsionatuaren osagarri, Errenteriako Udalak hiru urterako Etxebizitza Plana garatzen jarraitzen duela ekarri du gogora, “plan horren bidez sei eremutan eragin nahi da nagusiki, etxebizitzaren arazoari esku hartze integral baten bidez erantzuteko”. Ondokoak dira sei eremu horiek, zehazki: Etxebizitzen erabilera turistikoa mugatzea; etxebizitza gehiago eraikitzea, tartean etxebizitza publiko gehiago; etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak indartzea; gaur egungo etxebizitza parkea birgaitzeko neurriak garatzea; etxebizitzarako sarbidea errazteklo laguntza sistemak sendotzea; erakunde arteko elkarlana indartu eta koordinazioa hobetzea.
Arlo horietan guztietan ari dela urratsak egiten adierazi du udalak. Bide horretan, etxebizitzaren oinarrizko erabilera babaesteko etxebizitza turistikoen baimenen moratoria onartzea aurreikusi du hurrengo udalbatzan gobernu taldeak.
Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren esku jarri ditu bi lursail udalak, Altzaten bata eta Esnabiden bestea, etxebizitza publikoa eraiki dezan, “espero dugu Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak luze gabe abiatzea lursail horietan etxebizitzak eraikitzeko prozesua”.
Ondokoa, Otaegik udalaren weborrian bideo bidez zabaldu duen balorazioa da.