Nokono Txerrimuñon, eta 'On do ko' Gezalan
Lezoko kultur asteburuaren barruan, kontzertu bat jasoko du herriguneko baserriak eta antzerki obra bat herriko antzokiak.

Lezoko kultur asteburuaren barruan bi emanaldi daude nabarmentzeko. Lehena gaur (ostirala) izango da, Asier Mendizabal Nokono bakarlariak kontzertua eskainiko du Txerrimuñon 20:00etatik aurrera; pintxopotea ere izanen da herriguneko baserrian. Beraz, pintxo pote musikatua izango da. Jarraian dagoen bideoan, Nokonoren musikaren nondik norakoa ezagutzeko aukera.
Igandean, bestalde, Mafalda Soloiok gidatutako adinekoen antzerki taldeak On do ko obra taularatuko du Gezalan (19:30); ez da sarrerarik salgai, agortu egin direlako. 30 minutu ingurukoa da antzezlana, eta horren ondoren solasaldirako tartea zabalduko dute. Donostiako Egia auzoko adinekoen talde batekin sormenean ari da Soloio, eta gorputzaren, ahotsaren, mugimenduaren eta emakumeen bidez lan egitea bilatzen du, “artearen eta egunerokoaren arteko topaketa bitxia” sortuz.