270 metroko lasaitasuna Lezo eta Donibane artean
Hilaren 24an inauguratu zuten Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatia. Mugikortasun azpiegitura egiteko obraren zatirik txikiena bazen ere, denboran asko luzatu da hura egikaritzea.

Erabateko asebetetzea. Sentsazio hori adierazteko hitzak izan zituzten joan den asteko ostiralean (hilaren 24an) Mikel Arruti Lezoko alkateak, Teo Alberro Pasaiakoak, eta aldundiko Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok. Lezo-Donibane bidegorriaren azken zatia zabaltzeko zinta moztu zuten. Pozik. Luze joan den prozesu bati «akabo» esan zioten horrela. Ia bi milioi euroko aurrekontua hamaika hilabetez erabili dute langileek 270 metroko zati hori egiteko. Onuradun nagusienak, baina, herritarrak dira.
Lezoarren eta pasaitarren aspaldiko eskaera zen bidegorria guztiz osatzearena. Ostiraleko euren hitz tartean present izan zuten mandatu hori Arrutik eta Alberrok. Obraren zehaztasun teknikoak emateaz gainera, mugikortasun iraunkorraren aldeko mezua zabaldu zuten hautetsiek, eta bi udalerrien arteko konexio seguru eta osasungarriaren aldarria egin zuten. Esandako horiek zehatz irakurtzeko baliatu esteka hau.
Zortzi urteko epean egin dituzte Lezo eta Donibane arteko bidegorriko (850 metro ingurukoa orotara) lanak. Hiru zatitan banatuta egin dira. 2017an hasi ziren lehen zatikoak, Lezotik hurbilen denekoak, eta 2018ko apirilean jada erabilgarri zen; ondoren hasi ziren azpiegituraren bigarren faseko lanak, 2019ko apirilera arte iraun zutenak. 2024ko apirilean ekin zioten hirugarren eta azken eremuko obrei; azken zati hori egiteko, baina, arazoak izan dira. Tartean izan direlako pandemia bat, esleitzeko atzerapenak, zailtasun orografikoak, eta 2023ko uztaileko Frantziako Tourraren pasaera.
Erabiltzaileak, pozik
Arriskutsua zen Lezo eta Donibane arteko azken zati hura. Espaloi estukoa, herritarrak edo bizikleta erabiltzaileak maiz atera behar izaten ziren errepidera elkar ez jotzeko. «Orain denentzat tokia dago», esan du Jon Garmendiak. Astelehenean bidegorrian paseoan zebilenetako bat da Garmendia, Donostiako Bidebieta auzokoa hura. «Etxetik atera, motoran badia gurutzatu, Donibane, Lezo, eta Errenteria zeharkatuz Oiartzunera iritsi, eta handik etxera joateko autobusa hartzen dut. Astean bitan egiten dut bide hori. Orain, bidegorri zati berria eginda, askoz seguruagoa eta atseginagoa da bidea», aitortu du.
Astelehena eguzkitsu hasi zen, baina okerrera egin zuen arratsaldean eguraldiak. Hala ere, 15:30ak aldera paseoan zebiltzan, bidegorri zati berrian, Maribel Lopez eta Patxi Lazkano lezoarrak, berokiak jantzita Donibanerako bidean. «Lehen oso estua zen espaloia. Diferentzia ederra dago orain. Egunero egiten dugu Lezo eta Donibane arteko bidea, eta lehen bizikleta bat edo norbait haurren orgarekin bazetorren errepidera atera behar ginen. Arriskutsua zen. Orain zeharo aldatu da egoera», adierazi dute pozarren.
Bizikletan topatu du Hitza-k Mikel Gil, Lezorako bidean da. Pasaia-Lezo Lizeoko irakaslea da, eta lanerako edo sorterri duen Donostiarako bidea ahal duen guztietan egiten du bi gurpileko garraiobidean: «Ondo dago egindakoa. Baliatuko dut. Jendeak eta bizikleta gidariek toki beretik joan behar dugu, baina ondo dago bidegorri zati berria». Baina bat plazaratu du, ordea: «Ez dut oso ondo ulertzen zergatik ez duten egin Jaizkibelerako bidea hartzeko irteera bat-edo. Harantz txirrindulari asko joaten dira». Baina egindako ahalegina ondo baloratu du irakasleak, eta pozik da hura ere azpiegitura berriaren onuradunetakoa izango delako.
Urrats irmoarekin bidea egiten ari dira Mila Beristain eta Manuel Zabala lezoarrak, jatorriz Tolosaldekoak direnak. «Behar handia zegoen denentzat, sanjuandarrentzako batez ere oso beharrezkoa zen zati hau egitea. Ahal dugun guztietan erabiliko dugu».