Ludoteketako ateak, zabalik
Donibaneko eta Trintxerpe-San Pedroko udal ludotekek prest dute ikasturteko bigarren zatira begirako izen emate kanpaina: otsailaren 3tik 15era bitartean izango da.

Donibaneko eta Trintxerpe-San Pedroko udal ludotekek prest dute 2024-2025 ikasturteko bigarren zatira begirako izen emate kanpaina. Izena emateko epea otsailaren 3an ireki eta 15ean itxiko da, eta kanpaina hori ludoteketako bazkide ez diren haurrei zuzenduta dagoela zehaztu du udalak.
Trintxerpe-San Pedroko ludotekako plaza berriak mugatuak direla gogorarazi du udal erakundeak, ikasturte hasieratik haur asko bazkide direlako. Izena ematen dutenen artean, zozketa bat egingo da otsailaren 15ean, betiere izen emateak eskuragarri dauden plazak baino gehiago baldin badira. Bakarrik plaza lortzen dutenek ordainduko dute matrikula. Donibaneko ludotekan, aldiz, ez dago plaza mugarik.
Ludoteka zerbitzua 4 eta 12 urte arteko haurrei begirakoa da. Julen Rodriguez Nerabe eta gazteen Sustapeneko zinegotziak nabarmendu du jolas jarduera mordoa egiten direla espazio horietan; esaterako, jolas askeak, mahai jolasak, lantegiak, txotxongiloak, txangoak edota jolas eta liburu maileguak. “Gizarte eta hezkuntza ekipamenduak dira, haurrek topaketarako eta jolaserako leku bat izan dezaten. Gainera, euskara landu eta gizarteratzea gara dezakete. Ildo horretan, haurrak modu sortzailean garatzeko, lagun berriak egiteko, irudimena estimulatzeko eta, partekatuz, jokoez arduratzeko aukera ematen duten espazioak ere badira”, adierazi du Rodriguezek.
Ludotekak ekainera arte izango dira zabalik, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara. Izena ematen duten haurrak egunero joatea behartuta ez daudela gogorarazi du udalak, nahi dutenean joan baitaitezke ekipamendu horietara.
Ikasturte erdirako kuota 33,66 eurokoa da, eta izen emateak ludoteketan bertan egin beharko dira.
- Donibane: Aurrez aurre Otaegi plazako egoitzan, 943 34 43 28 telefonoan edo helbide elektronikoan.
- Trintxerpe-San Pedro: Espinosa de los Monteros plazako egoitzan, 943 39 25 10 telefonoan edo helbide elektronikoan.