Udalbatzarrean ekonomia eta antolaketa gaiak izan dituzte hizpide
Urteko diru laguntza eta hitzarmen proposamenak zein 2025ean udalak lizitatuko dituen kontratu handien aurreikuspena aho batez onartu zituzten.

Urteko lehen udalbatzarra egin dute Oiartzungo Udalean, eta, oraingoan, ekonomia eta antolaketa gaiak izan zituzten hizpide. Plenoan urteko diru laguntza eta hitzarmen proposamenak aho batez onartu zituzten. Hezkuntza arloari dagokionean, Urmendi haur eskolari 980.000 euroko ekarpena egitea adostu zuten partzuergoaren 2025eko aurrekontua finantzatzeko. Horretaz gain, 412.500 euroko diru laguntza emango diote Haurtzaro ikastolari urteko mantenu gastuetarako. Soinuenea Fundazioari, berriz, 116.600 euroko ekarpena egingo dio udalak herri musikaren inguruan ikerketa, trebakuntza, bilketa, kontserbazioa eta zabalkundearekin jarrai dezan.
Bestalde, 2025ean udalak lizitatuko dituen kontratu handien aurreikuspena ere aho batez onartu zuten. Hots, Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak zehaztu zuen “anbizio handiko plana” prestatu dutela. 27 lehiaketa aurreikusi dituzte, eta kontratuen iraunaldi osoa kontuan izanda 17 milioi euroko aurrekontua du planak. Martxan dauden zenbait zerbitzu berri lizitatzeaz gain –kale garbiketa, hondakin bilketa, udal eraikinen garbiketa zerbitzua…–, obra zein proiektu berriak ere gehitu dituztela azaldu du Mendiburuk. Horien artean daude Elizalde eskolako patioa eraldatzeko proiektuaren fase berria egitea; Altzibarko gune estalia eraikitzea; Rafael Pikabea errepidea berritzea edota Arraguako ur hoditeria aldatzea.
Gainera, etxeetan obra berriak egiteko baimena lortzeko araubide berriari hasierako onarpena eman zioten batzarrean. Udaletik azaldu dutenez, urtean 170 obra txiki eskaera jasotzen dituzte, eta proiektu teknikoa beharrezkoa ez den garrantzi tekniko txikiko lanetan aurkeztu beharreko dokumentazioa gutxitu eta baimena lortzeko izapideak erraztu nahi ditu. Hortaz, aurretiazko jakinarazpen sistema bat prestatu dute baimena emateko erantzun denbora azkartzeko.
Azkenik, Oiartzungo lurretan turismora zuzendutako apartamentu eta etxebizitzak arautzeari ekitea ere onartu zuten EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin. EAJkoak, aldiz, abstenitu egin ziren. Gauzak horrela, Oiartzungo Hiri Antolaketako Plan Orokorraren Ordenantza berrikusiko dute, udalerriko erabilera turistikoak eta turismo ostatuko establezimenduen hirigintza antolamenduari dagokion zatia aztertu eta berridazteko.
Abenduko protokolo eta ordezkapen gastuak 2.530,20 euro izan ziren; urtarrilekoak, haatik, 591,97 euro.