Kontxa Murgia Egaña omendu dute gaur
Egun berezia izaten da gaurkoa oiartzuarrentzat, Kontxa Murgia Egaña omentzen baitute herrian. Musika izan dute ekitaldian lagun.
Azken urteetan bezalaxe, gaurko egunean Kontxa Murgia Egaña omendu dute Oiartzunen. Atzo, berriz, Fato Cultural Daniel Castelao eta Oiartzungo Udalak antolatuta, poesia errezitaldi musikatua egin zuten. Galegoz eta euskaraz izan zen saioa, eta Xose Estevez, Arantxa Lete eta Antton Kazabonek errezitatu zituzten zenbait poema. Musikaz, berriz, Edurne Saizar, Oihane Mitxelena, Haizea Lekuona eta Endika Loiola arduratu ziren.
Ohi moduan, Manuel Lekuona bibliotekan izan da ekitaldia, eta Oiartzunen izenean Joana Mendiburu herriko alkateak hartu du hitza. Mendiburuk, besteak beste, Manuel Martinez Murgiak aberriarekiko maitasuna amarengandik –Kontxa Murgia– jaso zuela izan du hizpide, eta ildo horretatik, amek duten rol garrantzitsua ere azpimarratu du. Bestalde, Kontxa Murgiak Galizia eta Euskal Herria lotu zituela eta aipatu du hitzartzean.
Kontxa Murgia Egaña 1806an jaio zen Oiartzunen, eta 1854an hil zen Santiago de Compostelan (Galizia). Amaren aldeko senideek Aizarnazabal eta Zestoa inguruan zuten jatorria, eta “kargu garrantzitsuak” izan zituzten. Aita, berriz, irundarra zuen, eta lehiaketa bidez Oiartzungo San Esteban elizako organista plaza lortu zuen. Geroago, etxebizitza eta baratze erantsi bat eman zizkioten gaur egungo Kultur Etxean; bertan jaio zen Kontxa.
Bederatzi urterekin, ordea, Tolosara joan ziren bizitzera, baina Galiziara egin zuen ihes aitarekin batera. Bigarren hori jaioterrira itzuli zen, baina Kontxa Galizian geratu eta han ezkondu zen. Bi seme eta alaba bat izan zituen Jose Martinezekin, eta lehen semea, Manuel Martinez Murgia galiziar berpizkundeko pertsonai handienetako bat izan zen. Rosalia de Castrorekin ezkondu zen.
Manuel Martinez Murgiak bere idatzietan zioen amak erakutsi ziola bere herria maitatzen.
Euskal Herrian bizi diren galiziarrek urtero egiten diote omenaldia Kontxa Murgia Egañari.
Jarraian, gaurko eta atzoko ekitaldietako zenbait irudi.



