Baratzako langile bila dabil Arraztalo
Arraztalok Oiartzungo ustiategian astean 25 ordu lan egiteko baratzako langilea bilatzen du. Nekazaritza lanetan aritzeko denez, nekazaritza arloko esperientzia edo ikasketak izatea eskatzen zaie hautagaiei.

Baratzako langilea bilatzen du Arraztalo elkarteak, Oiartzungo ustiategian nekazaritza lanak egiteko. Gaixotasun psikikoa dutenen eta euren senideen elkartea da Arraztalo, eta duela 14 urtedanik nekazal ustiategia dute martxan. Ustiategian desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostu batzuk babesten dituzte, eta haien gaixotasunak eragindako ondorioak gainditzeko ordutegi eta baldintza malguak dituzte. Ekoiztutako barazkiak kontsumo talde baten eta inguruko merkatarien bidez merkaturatzen dira.
Hiru eginkizun nagusi izango ditu langileak. Lehenik, nekazaritza lanak egin beharko ditu: barazkien landaketa, mantenketa eta bilketa. Bestetik, nekazaritzako makinaria erabili beharko du. Azkenik, bezeroei banaketak eta arreta egin beharko dizkie.
Hautagaiei nekazaritza arloan bi urteko esperientzia edota nekazaritza produkzioko erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketako teknikari titulua eskatuko zaie. Gainera, euskara menderatzea, ahal dela C1 maila egiaztatuarekin, eta gidabaimena izatea ere eskatzen du elkarteak.
Hautatutako langileak astean 25 orduko lanaldia izango du, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 13:00etara. Lehenbailehen hasiko da lanean.
Hautagaiek arraztalo@gmail.com helbidera bidali dezakete curriculuma.