Eskalerillaseko mozioaren aurka bozkatu dute alderdi guztiek
Eskalerillaseko 10 eta 11 atarietako bizilagunak etxegabetze arriskuan daude, eta bizilagunek eta Etxebizitza Sindikatuak mozio bat erregistratu zuten urteko lehen osoko bilkuran.

Iragan asteartean urteko lehen osoko bilkura egin zen Pasaiako udaletxean. Urteko lehen bilkurarako, Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak eta Eskalerillaseko 10 eta 11 atarietako bizilagunek mozio bat aurkeztu zuten, bertako bizilagunak pairatzen ari diren egoeraren ingurukoa. Atari horietako bizilagunak etxegabetze arriskuan daude, eta Etxebizitza Sindikatuko kideekin batera bertaratu ziren udaletxera. Etxegabetzeen aurkako protesta egin ondoren, pleno aretora sartu eta erregistratutako mozioa aurkeztu zuten.
Etxebizitza Sindikatuak gogorarazi du Eskalerillaseko bizilagunak iazko urtarriletik daudela kaleratze arriskuan. Sindikatuak salatu du Algeposa eta beste hainbat enpresaren mesedetan trenbide berri bat beren etxebizitzetatik pasarazi nahi dutelako haien etxeak eraitsi nahi dituztela, eta bizilagunek “alternatiba errealik gabe” jarraitzen dutela.
Etxebizitza sindikatuak jakinarazi du proiektua “lehenbailehen” martxan jartzeko kaleratze aginduak prestatzen ari direla, baina bizilagunei ofizialki ez zaiela ezer komunikatu. Pasaiako bizilagun izanik, udalari eskatu diote “egoeraren gaineko ardura” hartzeko. Erregistratutako mozioan lau eskakizun sartu zituzten, eta “etxegabetze horien aurkako eta alternatiba erreal baten aldeko” 2.000 sinaduratik gora aurkeztu zizkioten udalari. Hona hemen lau eskakizunak:
- Etxegabetze guztien aurka kokatzea.
- Eskalerillaseko bizilagun guztientzako etxebizitza aterabide baten alde kokatzea.
- Euskal Trenbide Sarearen proiektuaren aurka posizionatzea, etxegabetze hauen aurrean inolako alternatibarik eskaini ezean.
- Etxebizitza hauek udal ordenantzaren barnean sartzea.
Etxebizitza Sindikatuak salatu du Pasaiako Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek aurkeztutako mozioaren aurka bozkatu zutela, “proiektu honen estrategikotasuna goraipatuz”. Sindikatuak nabarmendu du jarrera horrekin “argi geratu” dela “negozioa etxebizitza eskubidearen gainetik” dagoela. “Proiektu honen estrategikotasuna goraipatuz, negozioa lehenesten dute, hamarkada luzez portuarentzat lanean aritu diren 12 langile familien etxegabetzea asumituz”, esan dute. Egoera horren aurrean, bizilagun guztientzat alternatiba baten alde borrokan jarraituko dutela eta azken unera arte tinko eutsiko diotela gaineratu dute.
Udal gobernuaren erantzuna
Iraitz Pazos zinegotziak, udal gobernuaren izenean, esan du ulertzen dutela Eskalerillaseko bizilagunen egoera eta haiekin enpatia sentitzen dutela. Pazosek adierazi du udal gobernua “bizitoki alternatibarik gabeko etxegabetzeen aurka” dagoela, eta hori bizilagunei etengabe helarazi dietela. Ildo horretan, pertsona zaurgarri guztiek etxebizitza duin baterako sarbidea izan behar dutela argi du Pazosek.
Eskalerillaseko auzian udalak hasieratik “jarrera proaktiboa” izan duela nabarmendu du udal hautetsiak, eta kontaktuak izan dituztela inplikatu guztiekin: bizilagunekin, beren abokatuekin, Etxebizitza Sindikatuarekin, portu agintaritzarekin, eta Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin eta sailburuarekin. Pazosek jakinarazi du alderdi guztiei eta bereziki Pasaiako Portuari “etengabe” luzatu diotela eskua eta elkarlanerako proposamena, eta zentzu horretan, beti defendatu dutela auziari “irtenbide duina eta adostua” eman behar zaiola. Hori da, hain zuzen, udal gobernuak etxebizitza sailburuari transmititu ziona: “Arazoaren berri eman eta mesedez eskatu genion gaiarekin konprometitzeko eta aterabide bat ematen laguntzeko. Gaur gaurkoz ez dugu erantzunik jaso”.
Horrez gain, prozedura zibilaren legea jarraituz, zaurgarritasun sozial eta ekonomikoaren inguruko txostenak egin nahian dabiltzala adierazi du Pazosek. “Bizilagunekin txostenak egin nahian gabiltza, legeak betebehar hori ezartzen digulako. Lehen momentutik jarri ginen harremanetan bizilagun horiekin ziurtagiri horiek egiteko baimena izateko”, esan du udal hautetsiak. Pazosek zehaztu du ziurtagiri horiek “lagungarriak” izan daitezkeela bizilagunentzat, “gizarte zaurgarritasunaren kasuetan prozesu horiek eten, geldiarazi edota atzeratu daitezkeelako bakoitzaren egoera sozio-ekonomikoa kontuan hartuta”. Udal hautetsiak nabarmendu du beren eskuetan zegoen guztia eta beren eskumenen baitan egin zezaketen guztia egin dutela, eta jo zitzaketen edo beharrezkoak ziren ate guztiak jo dituztela.
Planteatutako proiektuak Pasaiako ikuspegi orokorrerako “eragin positiboa” izango duela zehaztu du Pazosek, Antxon dagoen topoaren zubibidea eraistea baimenduko duelako. Zubibide horrek Antxon “arrakala handia” sortzen duela gaineratu du, antxotarrei eta inguru horretan bizi diren 750 familiei eragiten diena. Antxoko zubibidearen eraisketa Pasaiako eta Antxoko bizilagunei “oso modu positiboan” eragingo diela baietsi du udal hautetsiak. Horixe izan da Pazosen hitzetan mozioaren aurka posizionatzeko arrazoi nagusia.
Azkenik, erregistratutako mozioaren azken puntuan Eskalerillaseko etxebizitzak udal ordenantzaren barnean sartzea eskatu zuten bizilagunek eta Etxebizitza Sindikatuak. Pazosek jakinarazi du hori egitea “ezinezkoa” dela: “Tamalez, ezin dugu momentu honetan portuko plan berezia gure kasa eraldatu edota portuko etxebizitza horiek gure udal esparruaren barruan sartu. Hau plenoaren aurretik ere argi eta garbi helarazi genien bizilagunei eta Etxebizitza Sindikatuari”.