Guraso eskola feminista abiatu du udalak
Lau saio antolatu dira otsailetik maiatzera, San Pedro-Trintxerpeko gaztelekuan. Lehen saioa asteazken honetan izango da (hilak 5), 18:00etatik 19:30era. Izen emateak irekita daude.

Pasaiako Udalak urteak daramatza herriko ikastetxeetan sexu heziketa eta indarkeria matxistaren prebentzio programak lantzen. Gurasoak haurren heziketaren zutabe direnez, guraso eskola feminista bat antolatu du Pasaiako Udalak, San Pedro-Trintxerpeko gaztelekuan. Orotara, gurasoei begirako lau saio ondu ditu udal erakundeak, eta lehena asteazken honetan izango da (hilak 5), 18:00etatik 19:30era. Gainontzeko saioak martxoaren 5ean, apirilaren 2an eta maiatzaren 14an izango dira, ordu eta leku berean.
Guraso eskola feministan gurasotasunaz, heziketa parekideaz, matxismoaz edota sexualitateaz hitz egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Zertaz ari gara hezkuntza parekideaz hitz egiten dugunean? Nola hitz egin sexualitateaz nire haurrarekin? Zer da LGTBI+? Nola desikasi ditzaket barneratu ditudan hainbat jarrera? Nolako guraso izan nahi dut?” Saio horietan tankera horretako galderak erantzuten saiatuko direla adierazi du udalak, gurasoen kezkak, beldurrak edota zalantzak argitzeko.
Guraso eskola feministan parte hartzeko plazak mugatuak dira, eta bertan aritzeko beharrezkoa da esteka honetako galdetegia betetzea. Zalantzak helbide elektroniko bidez edo @lahia3.0 Instagram kontuan argituko dituzte.