Hibaikako Senior Gizonen lan ona, Portugaleteko jaitsieran
Kategoria bereko 20 ontzi aritu dira lehian urteko lehen jaitsieran eta Hibaikakoak hamargarren sailkatu dira.

Urteko lehen traineru jaitsiera jokatu zuten atzo Portugaleten eta Oarsoaldeko eta Bidasoko bi ontzi aritu ziren bertan gizon seniorretan, Hibaika eta Hondarribia. Fin ibili zen Dumitru Daniel Cobjucek gidatzen duen eskifaia. Gizon Seniorren kategorian lehiatu ziren 20 ontziren artean hamargarren sailkatu zen Hibaika, egindako lanarekin pozik.
Erlojupekoa 12:00etan hasi zen, eta Beteranoak izan ziren lehenak. Haien atzetik emakumeak, eta gazteak atera ziren ondoren; hiru kategorietakoek 4.000 metro egin behar izan zituzten. Azkenak ateratzen, senior gizonak, haiek 5.500 metro egin zituzten. Irabazlea azken kategoria horretan, Zierbena A izan zen, 18:05,41 denbora eginda. Hibaikak 18:46,64 denbora egin zuen.
Hurrengo hitzordua hilaren 15ean izango dute Orio arraunketa Taldeak antolatutako Oriaren traineru jaitsieran. Arratsaldez izango da, 16:00etan hasita jaitsiera hori, eta oraindik zehaztu gabe dago parte hartzea, izen-ematea zabalik baitago hilaren 9ra arte. Iaz, 87 ontzik hartu zuten parte Orioko traineru jaitsieran.
Atzoko estropadaren sailkapena hemen klik eginda kontsulta daiteke.