Mendiko txirrindularitzarekin gozatu dute
Lezo BTT Gaztea 2025 topaketa egin zuten atzo (igandea) 100 bat parte hartzailerekin. Natura, aisia eta kirola uztartu zituzten.

“Arrakastatsua”. Hala izendatu du Oarsoaldeko Txirrindularitza Elkarteak (OTXE) atzo Lezon egin zen Lezo BTT Gaztea 2025 topaketa. Orotara 100 bat txirrindulari gaztek bat egin zuten jarduerarekin, denak 2010 eta 2014 urteen artean jaiotakoak. “Gazteek mendiko txirrindularitzaz gozatzeko aukera bikaina izan zuten. Lezoko ingurune natural paregabean , kirola eta natura uztartuz”, zehaztu dute OTXEtik. Eguraldi bikaina izan zuten lagun.
Bi ibilbide egin zituzten bertaratuek, adinaren araberako zirkuitu egokituekin eta OTXEko begiraleen laguntzarekin. “Ibilbideak adin eta trebetasun ezberdinetara egokitu ziren, parte hartzaile guztiek esperientzia ahaztezina izan zezaten. Gainera, segurtasuna bermatzeko, boluntario eta antolatzaileek laguntza eta gidaritza eskaini zuten uneoro”.
Helmugara iritsitakoan, oroigarriak eman zizkieten kirolari gaztetxoei. Gainera, Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu elkarteko kideei esker, txokolate bero-beroa izan zuten indarrak berreskuratzeko.
“Lezo BTT Gazteak urtez urte arrakasta handia lortzen jarraitzen du, eta aurtengo edizioak berriz ere gazteen artean mendiko txirrindularitzaren zaletasuna bultzatzeko helburua bete du”, adierazi dute OTXEtik. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete parte hartzaileei, boluntarioei eta babesleei emandako laguntzagatik. “Hurrengo urtean berriro elkartuko gara, mendiko txirrindularitzaz eta naturaz gozatzeko!”.
Jarraian OTXEk HITZAra bidalitako argazkiak ikus daitezke.