Hezikuntza, eredu
Lezo Herri Eskolako ikasleen gurasoen elkarteak aitortza jasoko du ostiralean. 'KomunitateAGO' jardunaldietan protagonista izango da.

Pozik dira Hezikuntza elkarteko kideak. Lezo Herri Eskolako ikasleen gurasoen elkarteak, ostiralean (hilaren 7an) Gasteizen Ehigek (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioa) eta Heizek (Euskal Eskola Publikoen Zuzendaritzea Elkarteen Federazioa) antolatu duten KomunitateAGo, euskal eskola publikoa elkarrekin eraikitzen jardunaldian aitortza jasoko du, egiten duten lanagatik eredutzat eman dituztelako lezoarrak, eta horregatik, haiek egindakoen berri emateko eskatu diete. Jendaurrean azalpenak ematera gonbidatu dituzte, Hezikuntzaren jarduna bestelako guraso elkarteentzat inspiratzaile izateko.
“Hezikuntza eredu bezala hartu dute, eta gure esperientzia, lanerako modua, eskola, komunitate eta herriarekin dugun erlazioa eta inplikazioa aurkeztuko ditugu”, adierazi diote Herri Eskolako gurasoek HITZAri. Lezo Herri Eskolako zuzendaritzako ordezkariek ere parte hartuko dute jardunaldien barruko solasaldi horretan.
Ostiralean Gasteizko Salburua gizarte etxean egingo den jardunaldiari buruzko informazio gehiago izateko, baliatu esteka hau.