'Etorkizuna birziklatzen' hondakin kanpaina, martxan
Ingurumen hezitzaileek 300 etxebizitza baino gehiago bisitatu dituzte jada kanpainaren nondik-norakoak azaltzeko. Atzotik, informazio puntu finko eta ibiltariak aurki daitezke udalerrian.

‘Etorkizuna birziklatzen’ hondakinen gaikako bilketari buruzko informazio kanpaina urratsak egiten ari da. Iniziatibak pasaitarren artean “oso harrera positiboa” izan duela adierazi du Pasaiako Udalak. San Pedroko eta Antxoko 300 etxebizitza baino gehiagok jaso dute jada hezitzaileen bisita, eta kanpainako materiala helarazi diete. Datorren asteetan Pasaiako etxebizitza gehiago bisitatuko dituzte kanpainako hezitzaileek.
Orain arteko bisitak goizez egin dituzte hezitzaileek, baina etxean inor topatu ez duten kasuetan, bigarren bisita bat egingo dute datorren asteetan, arratsaldez. Bigarren bisita horretan inor ez balego, materiala etxeko atarietan utziko zaiela jakinarazi du udalak.
Etxez etxeko bisitak hasita, kanpaina bigarren fasean murgildu zen atzo. Udalerriko hainbat lekutan informazio puntu finkoak eta ibiltariak jarri dituzte herritarrek iniziatibaren gaineko informazioa eskura dzaten. Puntu finkoak Trintxerpeko Gudarien plazan eta Antxoko Biteri plazan kokatu dituzte. Puntu ibiltariak, aldiz, Donibaneko, San Pedroko eta Trintxerpeko zenbait txokotan topatuko dituzte pasaitarrek. Puntu mugikorren inguruko kokapenak eta ordutegiak esteka honetan topa daitezke.
Kanpainaren muina
‘Etorkizuna birziklatzen’ kanpainaren helburua da Pasaiako etxe eta establezimenduetan “gehiago eta hobeto” birziklatzea. Horretarako, udala “hainbat hobekuntza” egiten ari da hondakin sisteman. Aldaketa horiek “progresiboki” jarriko direla martxan gogorarazi du udalak.
Alde batetik, otsailaren bigarren astetik aurrera hiri garbigune berriak jarriko dira etxeetako hondakin bereziak jasotzeko: pilak, bonbillak, mugikorrak, bateriak, tinta kartutxoak, etxetresna txikiak, jostailu elektronikoak, kafe kapsulak, egur zatiak, gailu elektronikoak, margoak, disolbatzaileak edota fluoreszenteak.
Bestetik, udalak beste aldaketa batzuk egingo ditu progresiboki datozen hilabeteetan: kaleko paperontziak ordeztu, organikoaren edukiontziak aldatu edota errefusaren edukiontziak itxi.
Bukatzeko, udalak adierazi du kanpainan parte hartzen ari diren profesionalek “behar bezala” identifikatuko dutela beren burua kredentzialekin eta udalaren baimenarekin. Zalantzetarako 900 84 03 46 telefono zenbakia, webgunea eta helbide elektronikoa ahalbidetu dituzte.