Euskararen xaxatzaile nahi dituzte haur eta gazteak
Maiatzaren 15etik 25era egingo dute Euskaraldia. Euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako herritarrei begirakoa da ariketa, baina haur eta nerabeek ere izango dute egitekorik: Euskararen xaxatzaile izango dira. Hori horrela, aurten ere ikastetxeetan zein aisialdi eta kirol elkarteetan lantzeko proposamen didaktikoa sortu dute. Gaur aurkeztu dute Lekuona Fabrikan.
Euskaraldirako sortu duten proposamen didaktikoa aurkeztu dute.Imanol Saiz Gomez de Segura Euskalaraldiak euskararen aldeko ariketa erraldoiaren barruan Ikastolen Elkartearekin batera prestatu duen proposamen didaktikoa aurkeztu du gaur Lekuona Fabrikan. Goiatz Urkijo Euskaraldiaren Koordinatzaileak, Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko Euskara eta Euskal Kultura saileko teknikariak, eta Xabi Lasa Ikastolen Elkarteko Euskara eta Euskal Kultura ataleko arduradunak aletu dituzte xehe proposamen didaktikoaren gainekoak.
Euskaraldia ate joka da, maiatzaren 15etik 25era izango da, lehen aldiz udaberrian, eta aurtengo ekitaldian ere, aurrekoetan egin moduan, ezinbestekoa iruditu zaie Euskaraldiaren antolatzaileei 16 urtetik beherako haur eta gazteei ere Euskaraldiaren berri emateko materiala haien esku jartzea.
Euskaraldia, euskara ulertzen duten 16 urtetik gorakoentzako ariketa da, “uste dugulako ariketa honek, helduok interpelatu behar gaituela, gaztetxo horien eredugarri izateko. Baina horrek ez du esan nahi 16 urtetik beherako haur eta nerabeek ez dutenik egiteko garrantzitsurik Euskaraldian, eta haur eta nerabe diogunean, herritar horiek mugitzen diren ingurune naturalak datozkigu burura, kasu honetan, ikastetxeak”.
Izan ere, ikastetxeek ezinbesteko ekarpena egin diotela euskararen biziberritzeari nabarmendu du Urkijok, “bai gazteei eta ikasleei, baina baita gurasoei ere. Alta, badakigu oraindik, bide luzea dugula egiteko”.
Euskaraldiaren helburuz mintzatu da gero, “euskara erabiltzeko aukerak biderkatu nahi ditugu, eta hizkuntza ohiturak aldatu euskarara gehiago ekarriaz. Horretarako herritarrei proposamenak egiten dizkiegu: horietako bat lehen hitza euskaraz egitea da, eta agian euskaraz egin ez baina euskaraz ulertzen duen horrekin euskaraz egitea, beste bat. Iruditzen zaigulako bi horiekin euskararen erabilera asko handitu daitekeela gure kale, etxe eta lantegietan”.
Haur eta gazteak, ezinbesteko
Haur eta gazteek lekua dute ekimen honetan, garrantzitsuak izango dira ariketa bitartean baita horren aurretik ere. Etorkizuneko parte hartzaile izango dira 16 urtetik beherakoak, euren etxeetan erabileraren alde ezinbesteko pedagogia egin dezaketelako, Euskaraldiaren nondik norakoak azaldu ditzaketelako. Finean Euskaraldiaren xaxatzaile izatea proposatuko diegu. Gainera, badakigu etxe askotara euskararen berri, haur eta gazte hauen eskutik heltzen dela, eta beste etxe askotan Euskaraldia aitzakia dela hizkuntza ohituren inguruan gogoetatzeko. Helduen eredugarritasuna jomugan jartzen du ariketa honek”.
Ikastolen Elkarteko ordezkari eta proposamen didaktikoaren aurtengo egileei hitza eman aurretik eskerrak eman dizkie Urkijok Euskaraldiaren lehenengo ekitalditik haur eta nerabeen gaia landu duten, eta aurreko edizioetako proposamen didaktikoak Euskaraldiarekin batera ondu dituzten eragileei. Hona zerrenda: Irrien Lagunak, Kristau Eskola, Bertsozale Eskola, Hezten, eta Ebete, “haiek ere bidelagun izan ditugulako aurreko edizioetan”.
Lasa eta Muñoa izan dira proposamen didaktikoa egikaritzeko arduradunak, eta beraiek ere hartu dute hitza. Muñoak eskertzen hariari tiraka hasi du hizketaldia. Izan ere Lasa eta bera aritu dira proposamena ontzen, baina ez bakarrik. Hala banan bana aipatu ditu kide izan direnak lanketa horretan: Amaia Gutierrez, Aritz Trueba, Alaine Lekuona eta Ane Muñoa.
11 egun eta 11 jarduera, hamaiketakoak barne
Hezitzaileek materialean topatuko dutena Euskaraldiaren 11 egunetarako 11 jarduera dela azaldu du eta tartean, 11 hamaiketako ere: “Hamaiketako horien helburua izango da Euskaraldiari buruz, eta hizkuntzari buruz hausnartzea, eta haur eta gazteek dituzten bizipenak partekatzea”.
Adin tarteka banatu dute materiala, hiru multzotan: 3-9 urte artekoentzako Altxa, 9-12 urte artekoentzat Dantza, eta 12-16 urte artekoentzat Jalgi. Proposamen guztiek egitura bera dutela adierazi du Muñoak, “horren helburua ikastetxeei aplikazioa erraztea izan da. Beste helburu bat ere bada ikasleen arteko kidetzeak sustatu eta ahalbidetzea. Proposamen bakoitzean dauden jardueren sakontasuna egokituta dago adin tarteari, baina jarduera horien inguruan antolatu daitezke adin ezberdinetako ikasleen arteko kidetzeak”. Kidetze horiek badutela helburu bat gaineratu du Ikastolen Elkarteko kideak, “ikasle nagusiak ikastetxe barruan xaxatzaile izan daitezen erabileraren esparruan eta gazteago diren horientzako eredu ere”.
Xehetasun gehiago eman ditu Lasak. Jarduera guztiak egitea ez da beharrezkoa izango, autonomoak baitira. “Soziolinguistikaz, hizkuntza aniztasunaz eta kultura erreferentez arituko dira, baina euskara eta literatura ikas arlotik harago joan daitezen sutatuta. Hausnarketatik abiatuko dira ikasleak, ez dira kontzeptuez ariko, baizik eta egiten dituzten jardueretan dituzten bizipenen gainean. Bide batez eragile edo xaxatzaile izango dira”.
Proposamen bakoitzak hiru epe berak ditu, Euskaraldia hasi aurreko epea, Euskaraldiak dirauen bitartean, eta behin hura bukatutakoan egiteko lanketa.
Jardueretako bi aurreratu ditu Lasak. Bulego taldeak egin duen kantuaren bueltako lanketa tradizionalaz gain badago gorputz perkusioa landuz egiteko koreografia, edota hizkuntzen mapak egitea etxeko hizkuntz ohiturak gelara ekarrita. Aurreiritziei aurre egiteko zenbait proposamen ere nabarmendu ditu.
Materialak bi helburu dituela nabarmen jarri du Muñoak, haur eta nerabeei Euskaraldiaren berri ematea xaxatzaile izan daitezen eta bestetik, haien kontzientzia soziolinguistikoa piztea, beraien ingurune hurbila ulertu eta ezagutu dezaten eta errealitate horren eraldaketan ere eragile izan daitezen: “Finean bultzatu nahi duguna da euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin erabiltzea”. Ikastetxeetan bezala, haur eta nerabeekin lanean ari diren aisialdi, kirol eta kultur elkarteek ere erabilgarri dutela proposamen didaktikoa esan du, “Euskaraldiaren beharraz haiekin hitz egiteko, baita hizkuntzaren gaia mahai gainean jartzeko eskola girotik atera ahal izateko gaia”.
Urkijok deia egin die ikastetxeei “materiala erabiltzen animatu daitezen, finean Euskaraldiaren mezua zabaltzeko ezinbesteko eragile direlako”. Proposamen didaktikoa gaurtik dago eskuragarri Euskaraldia.eus web orrian (klik hemen).
Euskaraldian izena eman
Euskaraldian entitate gisa izena emateko aukera zabalik dela gogorarazi du bukatzeko koordinatzaileak, “horretara animatu nahi ditugu ikastetxeak zein bestelako entitateak”.
Hurrengo hitzordua hilaren 20an izango du Euskaraldiak entitateen inguruko prentsaurrekoa eskainiko baitu egun horretan Donostiako San Telmo museoan; eta martxoaren 15ean, berriz, mugarri berezia izango da euskararen aldeko ariketa erraldoiarentzat, Belarri prest eta Aho Bizien izen emate irekiera ekitaldia izango baita, “maiatzaren 15ean berriz, ariketari berari emango diogu hasiera Euskal Herriko dozenaka herri eta hirietan denok elkarrekin”.
Bideoa Imanol Saiz Gomez de Segurak egina da.
