Eguraldi txarrarekin modu seguruan gidatzeko aholkuak eman ditu Don Bosco ikastetxeak
Don Bosco LHII ikastetxeko automozio eta mugikortasun sailek eman dituzte "ezinbesteko" aholkuak; bi sail horietan automobilgintzan, mugikortasunean eta bide segurtasunean adituak diren 40 irakasletik gora ari dira lanean.

Aurtengo neguko lehen denboralea iragarri dute astebururako, eta hori horrela, errepidean ibili behar dutenei begira, modu seguruan gidatzeko “ezinbesteko” aholkuak zabaldu ditu Don Bosco LHII ikastetxeko automozio eta mugikortasun sailak. Elur denborale egoerari erreparatu diote aholkuak emateko, baina oro har, baldintza desegokiekin gidatzeko baliagarriak dira. lehenik eta behin, ezinbestekoa jo dute bidaia bat hasi aurretik, nahiz eta ibilbide laburra izan, eguraldiaren iragarpena eta errepideen egoeraren berri izatea. Segurtasun baldintzak ez badira betetzen, joan etorririk ez egiteko aholkatu dute, “desplazamendua atzeratu egingo dugu, edo segurtasun eta berme handiagoak ematen dizkiguten bide alternatiboak bilatuko ditugu”.
Behin errepidean, arreta errepidean eta inguruan jarrita gidatu beharra jarri dute nabarmen, “bost zentzuak errepidean eta inguruan jarri eta kontu handiz gidatu behar dugu”. Beste gako bat, gainontzeko autoekiko distantzia handitzea, “zoruak hezetasunarengatik eta zikinkeriarengatik—hostoak, lokatza, txingorra…–trakzio txikiagoa duenez distantzia handitu eta abiadura murriztu behar da. Hortaz poliki gidatu, martxa luzeak erabilita—zenbaki altuak— eta bat-bateko edozein maniobra, —azelerazioak, balaztadak, bolante kolpeak— saihestuz”.
Beste aholku bat, putzuekin lotuta. Halako bat zeharkatu ostean balaztatze sistemaren eraginkortasuna frogatu beharra omen dago, pedala zapaltzen denean erantzuten dutela egiaztatuta. Inoiz ez d, gainera, urpean dagoen eremu batetik gidatu behar: “bidearen mugak ezin dira antzeman halako baldintzetan, zenbateko sakonera duen ere ez dago jakiterik, ikusten ez diren oztopoak izan daitezke, eta gainera urpean dagoen eremuan harrapatuta geratu daiteke gidaria. Arrisku hori handiagoa da urpean dagoen eremua gainezka egin duen edo egin dezakeen ibai baten pasabidearen ondoan badago.
Egunez gidatu
Eguneko argi orduak aprobetxatzea beste aholkua; eta paisaia elurtuta edo zoru hezean badago eguzkitako betaurrekoak “aliatu handiak” direla jarri dute nabarmen. Eguraldi txarrak eraginda aurrera jarraitzea ezinezkoa denetan, errepidea utzi beharko dela azaldu dute, betiere gainerako ibilgailuek ikusteko moduko leku seguru batean eta baretu edota berriro zirkulatu ahal izateko gutxieneko baldintzak bete arte itxoin beharko da.
Beste egoera zehatz batzuen aurrean gidariek nola jokatu behar duten ere azaldu dute mugikortasun sailetik. Hala azpibiratzea gertatzen denean, hau da bihurgune bat hartzean, ibilgailuak uste baino gutxiago biratzen badu—zuzen joaten da— ez du gidariak bat-bateko maniobrarik egingo, eta are gutxiago bolantearekin. Horren ordez, abiadura galtzen saiatu beharko du, direkzioaren kontrola berreskuratzeko.
Kontrako egoeraren aurrean, hau da gainbiratzean, edota bihurgune bat hartzean ibilgailuak uste baino gehiago biratzen badu, bat bateko maniobrarik egin gabe, bolantea ibilgailua doan noranzkoan biratu beharko du gidariak—hartzen ari den bihurgunearen kontrako noranzkoa—.
Aquaplaninga urez estalitako gune bat zeharkatzen denean eta pneumatikoak eta asfaltoaren artean dagoen ura husteko gai ez direnean gertatzen da. Bien artean ur film bat sortzen da, pneumatikoak bidearekiko kontaktua galtzen du eta bolanteak ez du erantzuten. Kasu horretan lasaitasuna mantentzea gakoa da, eta garrantzi bizikoa bolantearekin ezer ez egitea. Azeleragailuaren pedala leunki eta progresiboki askatu behar dela diote, “ibilgailuak abiadura galtzen duen heinean, kontrola berreskuratu ahal izango dugu”.
PAS (BAL) segurtasun protokoloa izan dute hizpide ondoren. Ezbehar batean inplikatuta dagoen gidariak, edo ezbehar batekin topo egiten badu ondoko jarraibideak dira zuzenak: Ingurua babestu beharko du lehenik norberaren presentzia zein istripua izan duten ibilgailuena gainerako ibilgailuentzat ikusgai izan dadin. Horretarako larrialdi argiak, txalekoa, triangeluak, argi baliza baliatuta. Onodren larrialdi zerbitzuei abisua eman beharko zaien, eta azkenik, “inoiz ez lehenago”, biktimei lagundu, “Babestu, abisatu, lagundu, orden horretan behar du”.
Autoa baldintza egokietan dela bermatu
Autoari dagozkion azterketak eguneratuta izatearen garrantzia ere azpimarratu dute Don Bosco ikastetxetik, “denborale bat iristen denean edo neguan, konfiantzazko tailerrera joatea gomendatzen dugu, espezialistek segurtasunez zirkulatzeko ezinbestekoak diren elementuak egoera ezin hobean daudela egiaztatzeko azterketa sinple bat egiteko”.
Eta zein dira modu seguruan zirkulatzeko berrikusi beharreko funtsezko elementuak? Bi elementu mota bereizi dituzte Don Boscoko adituek: segurtasuna baldintzatzen dutenak, eta abiaduran eragiten dutenak.
Gidatzea baldintzatzen duten elementuen artean, esekidura edo suspentsioa; direkzioa; balaztak; pneumatikoak eta kateak.
Suspentsioan batez ere motelgailuak eta malgukiak egiaztatu beharko dira, egopera txarrean baldin badaude ibilgailuaren kontrola galtzea ekar baitezake. Direkzioan ez dugu bibraziorik edo kolpe arrarorik sentitu behar bolantean mugitzean, ezta lasaierarik ere. Balaztei dagokienean, berriz, begiratu batean diskoak higatuta dauden ikus daitekeela diote, baina balazta pastillak ere egiaztatu behar direla, “askotan ezinezkoa da gurpilak askatu gabe egiaztatzea”.
Ibilgailuak asfaltoarekin duen kontaktu puntua dira, bestalde, pneumatikoak, “funtsezkoa da egoera onean egotea”. Horretarako errodadura-banda eta haren ildoen sakonera egiaztatu beharko dira. Gomendioa ere egin dute, M+S pneumatiko espezifikoak erabiltzea —lokatza eta elurra— “baina AIISeason pneumatikoak ere oso gomendagarriak dira —urteko sasoi guztietarako—”.
Azkenik ibilgailuan elurretarako kate jokoa edo zorroak eramatea gomendatu dute. Ezinbestekoa jo dute gurpilak jartzen hasi aurretik ibilgailuaren trakzio gurpilak zein diren jakitea, horietan jarri behar baitira. aldez aurretik praktikatzea ere gomendatu dute”.
Ikuskapenean eragiten duten elementuak
Beste ibilgailuentzako ikusgai izatea, zein gidatzerakoan egoki ikustea ere ezinbestekoak dira segurtasuna bermatzeko. Horren barruan argiztapen sistema funtsezkoa dela gogorarazi dute, baita haizetakoa garbitzeko sistema: “Eskuilak aldatu behar ditugu, lana egoki egiten ez badute eta ur deposituak beteta egon behar du, baita eskuilen mekanismoak egoki mugitu eragitean”. Berogailuak erosotasuna bermatzeaz gain, segurtasunean ere eragiten du, “berokuntza sistema funtsezkoa da ikuspenerako”.
Ez da horrekin bukatzen kontuan hartu beharreko elementuen zerrenda. Gutxienez egoera onean den eskuko telefono bat eramatea gomendatu dute, “bateria kargatuta eta geolokalizazio sistema aktibatuta”. Garrantzitsua ere, erregai biltegia ahalik eta beteen izatea, eta triangelu edo argi balizak, txaleko islatzaileak, zulaketak konpontzeko kita edo ordezko gurpila eta dagokion oinarrizko tresna eramatea.
Beroki eta mantak, ura eta oinarrizko elikagaiak ere zerrendara gehitu dituzte.
Azken ohartarazpen garrantzitsu bat. Ibilgailuaren berokuntza motorrak sortzen duen beroari esker lortzen da, gasolina, diesel edo hibridoen motor termikoen kasuan. Beroa emateko, hortaz, motorrak martxan egon behar du denbora guztian edo tarteka. Hala ere, ibilgailua geldirik egon behar bada, edo abiadura oso txikian badabil, gasen zati bat sartzeko arriskua dagoela jarri dute nabarmen, “bidaiariak itotzeko arriskuarekin. Hilgarria izan daiteke”. Hori horrela, kasu horietan, berogailua aktibatuta egon arren, gomendatu dute leihatilak pixka bat irekita edukitzea edo noizean behin irekitzea, airea berritu eta gasen kontzentrazioa saihesteko.