Otsailean, musika nonahi
Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolak egitarau oparoa antolatu du Lezo musikaz blaitzeko. Bihar, ganbara musika emanaldia izango da musika eskolako areto nagusian, 16:30ean.
Otsaila musikaz lepo lurreratu da Lezon, Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolak egitarau oparoa antolatu baitu udalerria musikaz blaitzeko. Lehen topaketa asteartean izan zen, eta urtero bezala, musika eskolako kideek Santa Ageda bezperarekin bat egin eta Lezo kopla doinuez bete zuten. Musika programazioa, baina, ez da hor etengo, jarraipena izango du datozen egunotan.
Bihar (larunbata, hilak 8) ganbara musika emanaldia izango da musika eskolako areto nagusian, 16:30ean. Esther Barandiaranek, David Bergmanek, Ane Espinak eta Ioanes Sagarzazuk hartuko dute parte.
Musika eskolako piano ikasleak Errenteriako Piano Jaialdian izango dira, eta topaketa hori prestatzen ari diren bitartean, publikoari irekitako prestaketa entzunaldi bat egingo dute. Entzunaldi hori astelehenean (hilak 10) izango da, 16:30ean, musika eskolako areto nagusian. Hauexek dira parte hartzaileak: Malen Badiola, Aroa Domingo, Alain Elarre, Aitana Esnaola, Jare Ereño, Araia Gomez, Aiora Intxarraundieta, Nora Lakanbra, Jare Lizarraga, Libe Lopez, Danel Martin, Athenea Mielgo, Enara Ramos, Mara Rolin eta Unax Zalla. Itxaso Aristizabal da haien irakaslea.
Ohi bezala, hileko hirugarren larunbatean, hau da, hilaren 15ean kantujira egingo dute herriko kaleetan barrena. Kantujira 12:30ean abiatuko da Amonen eta Aitonen Bordatik, eta parte hartzaileek euskal musikaz eta abestiez beteko dituzte Lezoko bazterrak.
Azkenik, hilaren 22an Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko Piano Jaialdia jasoko du Errenteria-Oreretako Niessen Kulturguneak. Orotara, Oarsoaldeko 120 ikaslek hartuko dute parte topaketan, eta horien artean izango dira Tomas Garbizuko kideak.
