'Irabazi arte!' telesailaren denboraldi berria estreinatuko dute
Laugarren denboraldiko lehen atala primizian ikusteko aukera izango dute Lezo eta Oiartzungo gaztetxoek. Sarrerak erosi behar dira.

Euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten iaz UEMAK (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eta EiTBk, eta hitzarmen horren ondorioz, euskarazko telesailak telebistan estreinatu baino lehen herriko aretoetan estreinatzeko lizentzia du UEMAk. Hortaz, Irabazi arte! telesailaren laugarren denboraldiko lehen atala primizian ikusteko aukera izango dute UEMAko kiden diren 84 herritako bizilagunek; tartean, Lezo eta Oiartzungo herritarrek. Telebistan hilaren 21ean emango dute lehenengo atala, baina Makusi plataforman ere astebete lehenago izango dute gaztetxoek ikusgai.
Elkarlan horren bidez, UEMAk eta EiTBk udalerri euskaldunetan euskarazko ikus-entzunezkoak areago zabaldu nahi dituzte. “Azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Euskal Herri osoan gertatzen da hori, baita udalerri euskaldunetan ere. Gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz UEMAk 2022an argitaratutako ikerketek ere azalarazi zuen pantailetan erdarazko edukiak ikusten dituztela batez ere haurrek, nerabeek eta gazteek, eta horrek eragin nabaria du hizkuntza-ohituretan”, dio Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.
Oiartzungo saioa hilaren 18an izango da, 18:00etan, Landetxen, eta sarrerak hemen eros daitezke. Lezoko hitzordua, aldiz, hilaren 14an izango da, 19:15ean, Gezala Auditoriumean. Sarrerak aurrez eros daitezke, hemen.