Zarataren kontrako ordenantza tramitatzea eskatu du Lezoko PSE-EEk
Neurria egikaritzeko mozioa aurkeztu du talde sozialistak. Zaraten mapa eguneratzeko eskaera ere egin du.

Lezoko PSE-EEk zarataren kontrako ordenantza tramitatzeko eskatu du mozio bidez, “herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta ingurune osasuntsuagoa bermatzeko”. Joxean Sanchez bozeramaileak azaldu duenez, proposamen horren helburua da “udalerriko hainbat eremutan zarata-mailak arautuko dituen arau-esparru argi bat ezartzea, kutsadura akustikoaren iturriak identifikatuz eta horiek kontrolatzeko eta murrizteko neurri eraginkorrak hartuz”. Gainera, zaraten mapa eta Lezoko soinu ingurunea ho0betzeko plana eguneratzearen alde egin dute sozialistek. Azken urteetan herrian sortutako azpiegitura eta bizitegi eremu berriek hori guztia berraztertzea eskatzen dutela uste dute PSE-EEko kideek.
Soinu ingurunea hobetzeko planari dagokionez, PSE-EEk kritikatu du egungo gobernu taldeak ez duela jarraitu “babes akustiko bereziko eremuei dagozkien zonako plan berriak zehazten eta onartzen. “Plan horien helburua da zona horietan dagoen zarata maila murriztea, epe labur eta ertainean lehentasunezko ekintzak ezarriz. Esate baterako, GI-2638 errepidearen bi aldeetan dauden etxebizitzak eta eraikinak, edo hirigunearen hegoaldean dauden bizitegi-eremuak, batez ere Jaizkibel etorbideak, trenbideak eta GI-636 errepideak eragindakoak”.
Aldi berean, zaratarekin sentikorrak diren emuetan (etxebizitzak dauden tokiak edo eskolen inguruak) kontrol eta zaintza handiagoa eskatu ditu PSE-EEk, baita kontzientzia kanpainak egitea re, “bizikidetza akustikoko arauekiko errespetua sustatzeko: “Ezinbestekoa da kutsadura akustikoarekin lotutako tresnak eguneratzea eta udalerriaren egungo errealitatera egokitzea, herritarrek atseden hartzeko duten eskubidea eta bizi kalitatea bermatzeko, eta babes akustikoari buruzko araudiak betetzeko”.