Etxeko lanen sektorea duintzeko bide luzea
Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Etxeko Langileentzako Lan Aholkularitza Zerbitzuak urteko balantzea egin du. Aldaketa gutxi, eta sektoreko lan baldintzak duintzeko bide luzea aurretik.

Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Etxeko Langileentzako Lan Aholkularitza Zerbitzuko Tatiana Bellorin eta Gerar Carrere aholkulariek agerraldia egin dute gaur. Ez dira bakarrik aritu urteko balantzea egiten (hemen klik eginda osorik irakur daiteke), Aizpea Otaegi alkatea eta Itsaso Cruz Kultur Aniztasun zinegotzia ere bertaratu dira agerraldi horretara. Joxepa Antoni Aranberri Anitzenean duten egoitzan egin dute prentsaurrekoa, urteko balantzea aurkezteko, zehatz. Zerbitzura jo duen emakumeen kopuruak gora egin du, eta azken lau urteetan egonkortu egin dela azaldu dute Bellorinek eta Carrerek, urtean 230 erabiltzaile izan baitituzte. Horiek Gipuzkoako 36 herritatik etorritakoak, baina artatutako emakume langileen %77 Irun-Lasarte ardatza artekoa izan dela zehaztu dute. Gehienak Donostiatik heldutakoak izan dira (88) eta horren ondotik Errenteria-Oreretakoak dira zerbitzua gehien baliatu dutenen artean (39), Irundik heldutakoak 27 izan dira, Pasaiatik 11, eta Lezotik 2.
Administrazio egoerari dagokionean, %25 egoera irregularrean zegoen, %22k nazionalitate bikoitza zuen, eta %53k bizileku eta lan baimena zuen.
Lege arloan sektorean hobekuntzak txertatu badituzte ere, oraindik orain, hutsune ugari dituzte. Hori ondorio behinena, eta horrenbestez, lan handia dagoela egiteko aurretik etxeko langile atzerritarren egoerak ikusezin izatetik argitara ateratzeko eta duintzeko. Horretarako tresnarik eraginkorrena, sentsibilizazioa, bai langileena beraiena, zein haiek kontratatzen dituzten familiena. Egoera latzena, barneko etxeko langileena dela jarri dute nabarmen, “baimendutakoa baino askoz ere lanaldi handiagoak egitera behartzen dituzte, ez dira gutxieneko atsedenaldiak errespetatzen, eta lan egindako ordu guztiak ez dizkiete ordaintzen”.
Horren datu zehatzak eman dituzte bi ordezkariek, eta hala, barneko langileen lanaldiari erreparatuta horien %52k 60 orduko gehienezkoa gainditzen du astean, eta %32k 70 ordu baino gehiago ematen ditu lanean astean: “Barneko etxeko langile guztiek kobratzen dutena baino ordu askoz gehiago lan egiten dituzte. Gure datuen arabera, haien soldata ezarritako gutxienekoa baino %32 txikiagoa izan da, eta horri gehitu behar zaio guztiek gaua doan igarotzen dutela”.
Langile askok “batez ere egoera irregularrean daudenak” oporrik ez dute, ezta lan egutegian adierazitako jaiegunik hartzen ere. Barnekoak ez diren langileen kasuan, berriz, %17k ez duela jai egunak izateko eskubide aitorturik adierazi dute, eta %22k oporrak hartzekoa; barneko langileen kasuan kopuru horiek %41 eta %28 dira hurrenez hurren.
Errenteriako Udalak lagunduta SOS arrazakeriak eskaintzen duen zerbitzua finkatuta dagoela zehaztu dute gaurko agerraldian, “langileek asko baloratzen dute, zerbitzu erabilgarri eta gertukotzat jotzen da, eta horren erakusle da zabalkunde kanpaina berezirik egin gabe ahoz ahoko komunikazioarekin erreferentzia bihurtu dela Gipuzkoa osoan”.
Iazkoaren balantzeak, aurreko urteetako errealitate oso antzeko utzi du agerian: Etxeko lanena, lan eremu prekarioa izaten jarraitzen duela. Azken urteetako aurrerapenak gorabehera agertoki “etsigarria” azaldu dute Bellorinek eta Carrerek: “Legeak betetzen direla ziurtatzeko tresnak martxan jartzeko administrazioen benetako borondaterik gabe, tresna horiek ezerezean gelditzen dira. Etxeak lan eremua ere badirenean, ez gardenak eta zigorgabetasun espazio izaten jarraitzen dute oraindik ere asko-askotan”.
Itxaropen handirik ez dutela agerian jarri dute gainera, susmo betea baitute mendekotasun politikak diseinatzeko eta ezartzeko ardura duten estatu eta foru administrazioek ez dutela “presa handirik” gaia konpontzeko. Datu oso argigarria eman dute horrekin lotuta gaurko agerraldian, SOS Arrazakeriak kudeatzen duen zerbitzuaren arabera barneko etxeko langile batek batez beste behar baino 718,56 euro gutxiago kobratzen ditu hilean, “egoera horretan dauden langile kopuruarekin biderkatzen badugu—Gipuzkoan 1.200 etxeko langile inguru daude— atzerritar jatorrikoak gehienak, langile horiek beren sakrifizioarekin zaintza eta mendekotasun sistemari ekarpen itzela egiten ari dira”.
Egoerak sektorean gatazka handia eragin beharko lukeen zalantzarik ez dute, “baina errealitatean guztiz kontrakoa da. Emakume langileek isolamendua jasaten dute etxeetan, informaziorik ez dute, atzerritartasun legearen mende daude, eta horregatik esplotazio lan baldintzak onartzen dituzte erregularizatu ahal izateko”.
Eskaera zehatza egin dute, egoera horri berehala helduko dion politika publiko irmoa, “ez da onargarria milaka langilek beren eskubideak urratuak izatea erremediorik gabe. Horrekin bukatzeko legea betearaztea baino ez da behar”.
Ezinbestekoa dela etxeko langileak kontratatzen dituzten familien sentsibilizazioa ere esan dute: “Zutabea da sentsibilizazioa, ezinbestekoa da enplegatzaileak eta haien familiak langileen eskubideak errespetatzeko betebeharraz sentsibilizatzea. Ondorio fisiko eta psikiko larriak eragin dizkieten tratu txarrak salatu dituzte langile askok”.