PPAk portuko kontsumorako ur hornidura optimizatuko du
Pasaiako Portu Agintaritzak portuko instalazioetan edateko ura hornitzeko sarea sektorizatzeko proiektu bat abiatu du, kaian edateko uraren banaketa eta kontsumoa optimizatzeko.
default Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) portuko instalazioetan edateko ura hornitzeko sarea sektorizatzeko proiektu bat abiatu du, kaian edateko uraren banaketa eta kontsumoa optimizatzeko. PPAk Sasoi Eraikuntzak S.L. enpesari esleitu dizkio jarduketa horiek. Orotara, 1.520.000 euro inbertitu ditu PPAk obra horiek egikaritzeko, eta zortzi hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute. Europako Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatuta daude lanak, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia planaren esparruan.
Honakoa esan du David Candelario PPAko zuzendariak jarduketen inguruan: “Portuaren errutinan ohikoak diren kontsumo gailurren aurrean egoera hobetzea da helburu nagusia, sarean gertatzen dena une oro ezagutzea ahalbidetuko duen sistema erabat digitalizatuta ezarriz eta ur ihesak berehala detektatuz”.
Ura hornitzeko sarea sektorizatzeko lanak bi arlotan banatuko dira: alde batetik, saretzeko hodi tarte berria instalatuko dira, eta, bestetik, eremu sentsoreak jarriko dira presio eta emari neurgailu gisa, balbula motorizatuekin batera.
Obra hauek hiru gunetan kokatuko dira: Herreran, Molinaon eta Lezon. Jarduketa horiei esker, PPAk sare hidraulikoaren emarien, kontsumoen eta presioen egoera kontrolatu eta monitorizatu ahal izango du, edozein tokitatik.
Aipatutako proiektuak Pasaiako portuko hornidura eta saneamendu sistemen berritzeari jarraipena eman diola jakinarazi du PPAk. Lehen jarduketak Lezoko kaian egin zituzten, hango jariatze urak tratatzeko. Obra horiek ere Europako Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu zituzten.
