Hondakinez garbitu dituzte ibai eta errekastoak
Oiartzun ibaiaren ibilguan eta Tolarieta, Masti, Lintzirin eta Epentza erreken erretenetan bost eguneko garbiketa kanpaina egin du brigada batek.
1.200 kilo hondakin jaso dituzte. Errenteria-Oreretako ibaietan botatako 1,2 tona hondakin garbitu dituzte, udalaren eta Behemendi Landa Garapenerako elkartearen elkarlanari esker. Oiartzun ibaiaren ibilguan eta Tolarieta, Masti, Lintzirin eta Epentza erreken erretenetan bost eguneko garbiketa kanpaina egin du brigada batek iazko abenduan, eta naturgune horietatik 1.200 kilo hondakin atera dituzte.
2016an abiatu zuten dinamika hori.
Oiartzun ibaiaren kasuan, Oiartzungo muga eta Santa Klara plazaren arteko zatia garbitu da, Lintziringo erretena Lartzabaletik hasita, eta Fanderiako kanala barne. Landa eremuan Tolarieta, Masti eta Epentza ibilguak garbitu dira. Tolarieta baserritik Masti Loidiraino, Loidi baserritik, Pontika auzora; eta Perurenatik Txikierdira.
Udala eta Behemendiren arteko garbiketa kanpainak hiritarrak hondakinen kudeaketak duen garrantziaz eta gure jokaeraren ardura kolektibo nahiz indibidualaz sentsibilizatzea du helburu: “Hondakinak jatorrian murriztu eta birziklatzeko egoki bereizten ez baditugu, ibaietan agertuko dira, horiek kaltetuz eta kutsatuz, eta azkenik, hondakinak Kantauri itsasoraino ere iristen jarraituko dute”.
