Eskola Kirolako desplazamenduen ia erdia, bide iraunkorretik
2023-2024 sasoiko Oarsoaldeko Eskola Kirolaren barruan egin ziren desplazamendu guztietatik ia erdia, %46,18 zehazki, era iraunkorrean egin ziren.
2023-2024 sasoiko Oarsoaldeko Eskola Kirolaren barruan egin ziren desplazamendu guztietatik ia erdia, %46,18 zehazki, modu iraunkorrean egin ziren: 6.500 joan-etorri bizikletaz, oinez edo bidaia partekatu bidez egin ziren. “Lorpen hori Kirolaisi XXIeko teknikariek eta eskolako koordinatzaileek elkarrekin egindako lanaren emaitza da, eta eraldaketa hori bultzatu dute hezkuntzaren eta erantzukizun partekatuaren esparruan. Urrats, pedalkada eta bidaia partekatu bakoitzarekin, Oarsoaldeak mundu bidezkoago, jasangarriago, oparoago eta baketsuago batekiko konpromisoa indartzen du, kirola ekintza klimatikorako eta garapen komunitariorako tresna indartsua dela erakutsiz”, azaldu dute eskualdeko Eskola Kirolaren arduradunek.
Badira jada hamaika urte, 2013-2014 denboralditik, Oarsoaldeko Eskola Kirola osatzen duten eragileek mugikortasun iraunkorreko eredu baten aldeko apustua egin zutela gaurdaino, 2030 Agendaren Garapen Jasangarritasun Helburuekin (GJH) duen konpromisoa lerrokatuz. Ekimen honek du helburu jarduera fisikoa eta balioetan oinarritutako hezkuntza sustatzea, desplazamendu arduratsuak eta ingurumena errespetatzen dutenak sustatuz. Hala ordutik eta urtez urte Eskola Kirolako jardunaldiak diren bakoitzean kirolari gazteen eta haien laguntzaileen desplazamenduak neurtzen dituzte, eta gainera, egindako iraunkortasun apustuen gaineko sariak ematen dituzte bidaiak modu iraunkorrenean egin dituzten ikastetxeen artean.
“Helburuak argia izaten jarraitzen du”, esan dute egitasmoaren dinamizatzaileek: “1.300 parte-hartzaile baino gehiagoren eta haien familien joan-etorrien ingurumen inpaktua murriztea, bizikletaren erabilera, oinezko lekualdaketak, garraio publikoa eta partekatutako autoa sustatuz. Estrategia hori bat dator 3. GJHrekin (osasuna eta ongizatea), 11. GJHarekin (hiri eta komunitate iraunkorrak) eta 13. GJHarekin (klimaren aldeko ekintza), eta kontzientzia ekologikoa indartzen du kirolari gazteen eta haien inguruneen artean”.
