Mugalde udaleku ibiltarietarako begiraleak behar dituzte
Uztailaren 14tik 20ra izango da ibilbidea, Urruñatik Oiartzunera. Begirale izan nahi duenak hilaren 28a baino lehen eman behar du izena.
Iaz antolatu zituzten lehenengoz Mugaldeko Udalekuak Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Oiartzungo Udala; Sarako Herriko Etxea eta Urruñako Herriko Etxearen laguntzarekin. Aurtengoan Euroeskualdearen dirulaguntza jaso dute.
Antolatzaileek dagoeneko eman dute jardueraren berri, eta xehetasunak ere eman dituzte haren inguruan. Uztailaren 14tik uztailaren 20ra izango dira udalekuak; hots, Urruñan hasi eta Oiartzunen amaituko da ibilbidea, eta 14 eta 15 urteko gazteek egingo dute bidea.
Alabaina, aisialdirako begirale bila dabiltza, eta interesa duenak curriculuma bidali beharko du helbide honetara hilaren 28a baino lehen. Aukeraketan parte hartzeko beharrezkoa da euskaraz jakitea (C1 maila), baina begirale titulua izatea; hezkuntzarekin zerikusia duten ikasketak amaituta eta bidean izatea; antzeko lanetan eskarmentua izatea; euskararekiko sentsibilizazioa izatea eta taldean lan egiteko erraztasuna izatea ere baloratuko dituzte.
Udalekuak irauten duen bitartean kirol eta kultur jarduerak egingo dituzte, eta noski, horiek dinamizatzea eta gidatzea begiraleen esku egongo da. Hortaz, jarduera hasi baino lehen begiraleek formakuntza saioak egin eta udalekuak prestatuko dituzte.
Informazio gehiagorako 943 26 01 82 zenbakia ahalbidetu dute.
Mugalde udaleku ibiltaria
- Uztailak 14 eta 15: Urruña – Hendaia.
- Uztailak 16: Sara.
- Uztailak 18: Igantzi – Lesaka.
- Uztailak 19 eta 20: Oiartzun.
