Hegoaldera egingo du jauzi euskoak
Esperientzia pilotuak abiatu dituzte Baztanen eta Oarsoaldean mugaz gaindiko moneta osagarria bertaratzeko. Udaberrirako batzordea sortuta, Oarsoaldean 2026an euskoa erabilgarri izango dela aurreikusi dute.

Hamabi urte bete dira urtarrilaren 31n euskoa Ipar Euskal Herriko tokiko moneta osagarri gisa erabiltzen hasi zirela. Euskal Moneta Elkarteak sortua, Ipar Euskal Herri osoan erabiltzen da –Euskal Hirigune Elkargoaren 158 udalerrietan–, eta ibilbidean lortu dituen emaitzak agerian utzi dute zituen helburuak sobera bete dituela. Horrela erakusten dute datuek: 1.300 erabiltzaile profesional eta 4.000 erabiltzaile partikular ditu, eta 38 herriko etxe eta Euskal Elkargoa ere euskoaren bazkide dira. Horien guztien artean 4,3 milioi eusko dituzte zirkulazioan.
Tokiko moneta osagarria bertan baino ezin dute erabili, eta beraz, bertan gelditzen da aberastasun hori guztia. «Hori da tokiko monetek duten balioa, euroak erabiltzen ditugunean batek daki Europan non mugitzen diren, edo munduko zein puntutan. Euskoa ez, bertan gelditzen da, eta bere eremu naturalari eragiten dio. Harago, euskoaren datuek erakusten dute eragiten duela erabiltzaileen kontsumo ohituretan, eta supermerkatuetara gutxiago jo eta herriko saltoki txikietan gehiago kontsumitzen dutela, edota ekoizleei zuzenean erosi. Tokiko ekonomia indartzen du», azaldu du Luix Intxauspe Arozamena Gizartearen Monetaren koordinatzaileak.
Euskoaren esperientziatik abiatuta, bi egitasmo pilotu abiatu dituzte orain Hego Euskal Herrian, Nafarroako Baztan eskualdean lehena; Oarsoaldean bigarrena. Helburua, euskoa mugaz gaindiko moneta osagarria bilakatzea. Ez da berria, 2013an Euskal Moneta Elkarteak euskoa sortu zuenean elkartearen estatutuetako bigarren puntuan jasoa utzi baitzuen jada euskal moneta sortuko zuela Iparraldean, baina Euskal Herri osoko moneta osagarri izateko xedearekin. Jauzi hori hezurmamitzen hasi dira bada Baztanen eta Oarsoaldean. Aurreratuago doa lehena, eta Oarsoaldeko esperientzia pilotua ondoren hasi bazuten ere, udaberrirako batzorde sustatzailea sortua izatea aurreikusi dute. 2023an Bihar Tokiko Moneten eta Trantsizio Ekologiko, Ekonomiko eta Sozialen Institutuak egindako ikerketa euskoak hegoaldera jauzi egiteko urrats garrantzitsua izan zela azaldu du Intxauspek. «Enpresen arteko diru trukaketarako finantzazio sistema antolatzeko erabiltzen duten Barter sistema baliatu zuen ikerketa egiteko institutuak, eta bertan jasotako ondorioetako bat izan zen Euskal Herrian enpresa arteko halako sistema antolatu nahi bazen Euskal Herri osoa hartu behar zela kontuan, Ipar Euskal Herria txikia gelditzen zela, eta euskoaren zabalkundea izan zitekeela urrats garrantzitsu bat».
Ikerketatik abiatuta hainbat eragile biltzen hasi ziren, tartean Baztangoak eta Oarsoaldekoak. «Horrela sortu ziren orain martxan diren bi esperientzia pilotuak. Horietatik ondorioak aterata ikusiko da nola hedatu euskoa beste lurraldeetara».
Handiak dira bi eremuen arteko ezberdintasunak, eta hala nabarmendu du koordinatzaileak: «Gure herria hiru eremu administratibotan banatuta dago. Ipar Euskal Herrian esperientzia badago, Nafarroa da beste eremua, eta Euskal Autonomia Erkidegoa hirugarrena. Nafarroa eta Gipuzkoa aukeratu ziren esperientziak hegoaldera zabaltzeko. Baztan landa eremua da, herri txiki eta sakabanatuek osatzen dute, biztanleria dentsitate txikikoak dira herriak, eta ekonomia jarduerari erreparatuta artisau, autonomo asko eta ekoizpen txiki ugari dira bertan. Kontrapuntuan, Oarsoaldean biztanle dentsitate handiko lau udalerri, eremu urbanoa, komertzioa, enpresa, zerbitzu eta industria ere badaude. Bi esperientzia pilotu hauek egin nahi dira, eta hortik ondorioak atera, sistematizatu, eta bide orri bat ondu beste lurraldeetan ezaugarrien araberako inplementazioa nola egin beharko litzatekeen erabakitzeko».
Tokian tokiko lurreratzeari «berebiziko» garrantzia eman dio Intxauspek: «Guretzat erreferentea euskoa da, baina ezin dugu hartu Iparraldeko esperientzia eta zuzenean inplementatu, ez dute zerikusirik Baztango prozesuak eta Oarsoaldekoak. Lurreratu egin behar dira proiektuak, eta parte hartze prozesua abiatu bertako herritarrak eta eragileak inplikatuta». Bide horretan, batzordea osatzea izango da lehen urratsa, eta udaberrirako aurreikusi du koordinatzaileak haren osaketa bukatuta egotea, «herritarrekin batera eragile ekonomikoak —merkatari, sindikatu…— eta sozialak —mugimendu feminista, euskalgintza, Duintasuna Pentsiodunen Mugimendua, besteak beste— ariko dira batzorde horretan Oarsoaldearen kasuan».
Kohesio sozialerako tresna
Tokiko ekonomia indartzea, bertan sortutako aberastasuna euskoaren erabilera eremuan gelditzea du helburu tokiko moneta osagarriak, baina balio horrekin batera beste batzuk ere barnebiltzen ditu. Hala, euskara bultzatzea bilatzen du, eta ingurumenaren zaintza ere barne hartzen du. Eragin soziala ere baduela gaineratu du Intxauspek: «Euskoa eragile ekonomiko eta soziala da, eta hortaz, eragin sozial garrantzitsua du, eta gainera, kohesio sozialerako tresna ere bada. Moneta ekonomia eta kontsumoarekin lotzen dugu. Euskoak, baina, dimentsio soziala du ekarpen ekonomikoa egiteaz harago, eta hori da gure gobernantza ereduarekin egin nahi duguna. Oarsoaldean batzordea sortzen dugunean elkar eragin, eta konplizitateak sortuko ditugu. Eta moneta gure aberastasuna bertan gelditzeko, gure balioak indartzeko, gure artean zaintzeko, eragiteko, eraikitzeko tresna da».
Martxorako batzordea osatuta, lanketa luze-sakona izango du aurretik tokiko moneta osagarria errealitate bihurtu aurretik. «Antolaketa guztia diseinatu beharko du batzorde horrek, monetaren bueltako balioak erabaki beharko ditu, komertzio eta enpresengana jo, bazkide kanpaina prestatu eta zabaldu… Lan handia dago atzean, eta oinarrian Ipar Euskal Herriko esperientzia badago eta harekin eta Baztangoarekin batera ariko bada ere Oarsoaldea eskutik, bakoitzak bere errealitatera, beharretara, eta eremura egokitu beharko du proiektua». Batzordea eragile sozial eta ekonomikoen ordezkaritzak osatuko du. «Oarsoaldea 75.000 biztanleko eskualdea da, ezaugarri oso ezberdinak dituzten lau herrik osatua, eta eragileekin batera, herriak ere ordezkatuta nahi ditugu. Lau udalek eta Oarsoaldea Garapen Agentziak bat egin dute esperientzia pilotuarekin. Prozesuan zehar gure buruari etengabe egin behar diogu galdera bat, oso garrantzitsua: Norbait falta da hemen? Hala bada, falta den hori gehitu beharko da batzordera. Hori dena batzordeak diseinatuko du eta hori da lurraldean lurreratzea, tokian- tokian egin beharreko prozesua».
Bide hori eginda helduko da tokiko moneta osagarria inplementatzeko unea Oarsoaldean: 2026. urtea izango dela aurreikusi du Intxauspek.
Europako mugaz gaindiko lehena
Iparraldetik hegoalderako jauziak berebiziko garrantzia izango du. Tokian tokiko ehun ekonomikoan, kulturalean eta sozialean eragingo du tokiko moneta osagarriak eta haren erabilerak. Gainera, koordinatzaileak azaldu du onurak ekarriko dizkiela eragile sozialei, euskoak sistematizatua baitu %3ko ekarpena egitea eragile sozialei, «hau da, nik urtebetean erabiltzen ditudan euskoen %3, euskoaren bazkide diren eragileen artean bana dezaket». Horrekin lotuta datu zehatza eman du: Ipar Euskal Herrian iaz 75.000 eusko banatu ziren 55 elkarteren artean.
Euskal Herritik harago izango du oihartzuna euskoak, epe laburrean Europako tokiko moneta osagarrien mugarri bilakatuko baita. Izan ere, Europako mugaz gaindiko lehen moneta bihurtuko da Baztan eta Oarsoaldean inplementatzen denean: «Europan zein munduan ekonomia sozial arloan lanean ari den Diesis elkarteak interes bereziarekin jarraituko du prozesua, izan badirelako muga arteko monetak Frantzian eta Italian, edota Italian eta Eslovenian, baina mugaren bi aldeetan ezberdinak dira. Gurean ez, euskoa izango da, moneta bera iparrraldean zein hegoaldean. Erronka hori ere badugu, beraz, lehenengo esperientzia da». Gertakari horren garrantzia nabarmen jarri du Intxauspek: «Guretzat garrantzitsua da, herri gisa gure moneta propioa eduki nahi dugulako, eta horrek Euskal Herri osoko harreman ekonomiko sozial eta kulturalak indartu eta kohesionatu ditzakeelako; baina Europatik begira izatea, mugaz gaindiko lehen moneta osagarri bilakatzea ere bada zerbait».
Proiektua babesteko arrazoiak
Proiektuarekin zergatik bat egin behar duten Oarsoaldeko enpresa, saltoki, eragile sozial eta ekonomiko, zein herritarrek galdetuta, argi erantzun du Gizartearen Monetaren koordinatzaileak: «Enpresa eta komertzioek bat egin behar dute badelako beraien lurraldean eragin zuzena izango duen proiektua. Oarsoaldea eskualdeko enpresek badute konpromisoa lurraldearekin eta bertako biztanleekin. Proiektu honek bertako ekonomia indartzea dakar, eta hori bada enpresen zeregina. Euskoak konpromiso hori maila praktikoan aurrera eramateko modua ematen du».
Herritarrek ere onurak jasoko dituzten zalantzarik ez du, ingurune hurbilean eragingo baitu ekonomikoki, baina baita sozialki ere: «Nire erosketak eurotan egin edo euskotan egin berdin gastatuko dut, baina euskotan egiten baditut nire lurraldean inbertitzen ari naiz, aberastasuna bertan gelditzen delako. Erosten dudan komertzioetan eta enpresetan eragiten du horrek, baina harago doa, eragin soziala ere baduelako, eta balio eta kohesio soziala, eta gure eskualdeko pertsonen bizi kalitatea hobetzen laguntzen duelako».
Proiektuaren eragin ekonomiko-soziala jarri du Intxauspek erdi-erdian, «oso garrantzitsua da. Ezin dugu bistatik galdu, tresna honek duen balio garrantzitsuenetako bat bada hori».
Dena ondo bidean, 2026an hasiko da Oarsoaldea euskoarekin elkarbizitzen. Moneta osagarriaren esperientzia beste eskualderen batera eramatea erabakita duten galdetuta, ez dutela aurreikuspen zehatzik egin aitortu du Intxauspek. «Indarra esperientzia pilotu hauetan dugu jarria, garrantzitsua baita ondo ateratzea horiek. Egia da pasa den larunbatean Baigorrin (Nafarroa Beherea) egindako Mugaz gaindiko moneta osagarrirantz mintegiaren harira euskoak dimentsio publikoagoa hartu duela, dezente zabaldu da. Zenbait eremutatik harremanetan jarri dira gurekin galdetzeko ea aukerarik dagoen haien lurraldeetara zabaltzeko. Horrek guztiak planifikazio bat eskatzen du, baldintza egokiak sortzea, eta ziurrenik bi esperientzia hauek —Baztangoa eta Oarsoaldekoa— eramango gaituzte lurraldeka zabaltzera esperientzia antzekoak. Hala ere, une honetan bi hauekin ari gara buru-belarri; oso garrantzitsua da hauek ongi harilkatzea. Esperimentazioa beti da interesgarria ikasteko»
Emaitza inportantea dela esanda, prozesua jarri du erdigunean Intxauspek. «Fokua prozesuan jarri behar dugu. Batzordea osatzen ari gara Oarsoaldean, udaberrian martxan jarriko dugu. Denok eztabaidatu behar dugu, prozesuan mamitzen baita guztia».