Carrefourri boikot egiteko eskatu dute Lintzirinen
BDZ Donostiak deituta Carrefourren aurkako elkarretaratzea egin dute eguerdian. Bonba eta hegazkin militar hotsak entzun dira.
BDZ Donostiak deituta, Lintziringo Carrefourren elkarretaratzea egin dute Israeli boikota egiteko eskatuz. Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainaren parte da gaur egin duten ekintza eta gaurkoan, produktuen kontsumoari boikot egitea izan da nabarmendu dutena. Horregatik jarri baitira Carrefour supermerkatuaren atarian. Alabaina, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Erandion ere egin dute deialdia.
Israel gauzatzen ari den genozidioa salatu dute eta 2023ko urriaren 7tik 44.211 palestinar hil dituztela israeldarrek gogoratu dute. Eraildako horietatik 13.319 haurrak izan dira, eta 25.000 haur umezurtz geratu dira.
Zauritutakoak 58.000 herritar dira eta espetxean dauden palestinarrak 2.400.000 dira. Urriaren 7an hasitako erasoaldiaren ondorioz, 1,9 milioi gazatarrek utzi behar izan dute haien etxeak eta 300.000 etxebizitza bonbardatu dituzte. Ospitaleak ere txikitu dituzte bonbekin eta horiek 28 eta 35 artean izan dira. Gainera, Israelek ez du arriskurik gabeko lekurik bermatzen. Lanean zeudenak ere genozidioaren biktimak izan dira eta 135 kazetari eta 1.042 osasun langile hil dituzte.
BDZk bultzatzen duen kanpainaren nondik norako guztiak ezagutzeko mugimenduaren orrialdera joan daiteke. Era berean, haien sare sozialetan egin daiteke haien ekintzen jarraipena; Instagramen @BDZ_Donostia da haien kontua eta Telegramen kanal bat dute GipuzkoaBDZ izena duena.
