Xorrolak gaueko zerbitzua eskainiko du larunbatean
22:00etatik 06:00etara ibiliko da Xorrola joan etorriak egiten. Elizalden hasiko du ibilbidea, eta zortzi auzoetan barrena ibiliko da.

Gero eta egun gutxiago geratzen dira Oiartzunen bihurrikeriak kaleak hartzeko, eta intxixu, basandre eta sorginei harrera egiteko azken lanetan dabiltza dagoeneko Ihote Taldea eta udala. Baita herritarrak ere, noski, zakuak, kanaberak eta kolorezko zapiak ikusten baitira honezkero herriko zenbait txokotan.
Jende andana elkartzen da Doneztebe plaza inguruan, eta mugikortasuna errazte aldera udalak zenbait neurri hartu ditu; Xorrolaren zerbitzu berezia, kasu. Autobusak herriko zortzi auzoak lotuko ditu orduero, 22:00etatik 06:00etara. Ibilbidea Manuel Lekuona bibliotekaren ondoko autobus geltokian abiatuko da, eta Xanistebanetako gauetan egiten duen ohiko ibilbidea egingo du.
Era berean, udalak herritarrei gomendatu die, ahal duten neurrian behintzat, plazara ingurura oinez edo garraio publikoan bertara daitezen. Alabaina, autoa erabili behar dutenentzat ohiko aparkalekuak ez ezik, Elizalde eskolako eremua ere ostiral arratsaldetik igande gauera erabilgarri egongo dela jakinarazi dute. Ondorioz, kotxeak errepidean zein espaloietan ez uzteko eskatu dute.
- Elizalde (irteera): Biblioteka ondoko geltokia.
- Gurutze: Bizardia plazako autobus geltokia.
- Ergoien: Tornola kaleko autobus geltokia.
- Altzibar: Zokoloko zubia.
- Karrika: Plazako autobus geltokia.
- Iturriotz: Beko soro pareko autobus geltokia.
- Ibarre: Gasolindegiko geltokia.
- Elizalde: Pikabeneko geltokia.
- Ugaldetxo: Intxixu pareko autobus geltokia.
- Arragua: Lartzabal etxadiko geltokia.
- Mendin: Frontoi gaineko geltokia.