'Gipuzkoa Nodal', etorkizuneko garraio publikoaz aritzeko
Oiartzun abiapuntu izanda, Donostia-Baiona hiriguneen arteko garraio publiko sarearen loturak antolatzeko proposamenak bildu nahi dituzte.

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta RAZekin elkarlanean, Gipuzkoa Nodal jardunaldia antolatu du Oiartzungo Udalak garraio jasangarriagoa sustatzeko asmoz. Zehaztu dutenez, biharko eta etziko saioen helburua Oiartzun abiapuntutzat hartuta Gipuzkoako eta Baiona-Donostia hiriguneen arteko garraio publiko sarearen loturak antolatzeko proposamenak biltzea da. “Alegia, diseinatzen hastea nolako konexioak beharko genituzkeen garraio publiko desberdinen artean, herritarrek egunerokoan beraien joan etorriak kotxez baino erosoago egin ditzaten garraio publikoa erabiliz”, diote.
Iaz onartu zuen Oiartzungo Udalak herriko lehen mugikortasun plana, eta ibilgailu partikularren erabilera gutxitu eta garraio publikoa gehiago erabiltzeko zenbait ekintza bildu zituzten bertan. Era berean, Oiartzun eta inguruko herri eta hiriburuen arteko garraio publikoa indartu nahi dute. “Arragua biziberritzeko auzotarrekin egindako parte hartze saioetan ere ekarpen oso interesgarriak jaso ziren”, gehitu dute.
Herritarren parte hartzea “ezinbestekotzat” jo du udalak mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko bidean; hortaz, bi saio antolatu dituzte: herritarrek parte hartzeko saio propio bat batetik, eta adituak zein erakunde ezberdinetako arduradunak elkartuko dituen saio teknikoago bat bestetik. Gauzak horrela, bihar arratsaldean izango da herritarrei zuzendutako partaidetza saioa. Pleno aretoan izango da, 18:00etatik 20:15era. Saioan etorkizuneko Oiartzungo mugikortasuna nola garatu landuko dute. Saio irekia denez, herritar guztiak gonbidatu dituzte “herri arteko garraio publiko sare berria elkarrekin irudikatzeko”.
Ostiralean, berriz, Landetxen egingo dute saioa, eta bi hitzaldi eta mahai inguru bat egingo dituzte bertan. Baiona-Donsotia hiri arteko etorkizuneko mugikortasun loturak izango dituzte aztergai. Antolatzaileek aurreratu dute bihar landuko dutela etorkizunean nola garatu daitezkeen Arraguak eskaintzen dituen garraio publiko ezberdinen arteko konexio eraginkorrak.
Bihar, hilak 20, udal areto nagusian.
- Parte hartze tailerra: Nola irudikatzen duzu Oiartzungo mugikortasuna?
- 18:00-18:15. Saioaren aurkezpena. Izaskun Aseginolaza, Ander Gortazar, Ibon Mitxelena eta Rosa Alvarez Lopez.
- 18:15-18:30. Enpatizatu. Esleitutako profila ezagutu eta taldean aurkeztu.
- 18:30-19:00. Definitu. Profilen arteko mugikortasun gatazkak identifikatu.
- 19:00-19:45. Diseinatu. Gatazkak konpontzeko mugikortasun soluzioak diseinatu.
- 19:45-20:15. Prototipatu. Proposatutako bateratzea eta baloratzea.
Etzi, hilak 21, Landetxen.
- Hausnarketa jardunaldia.
- 9:00-9:15. Jardunaldiaren aurkezpena. Joana Mendiburu (Oiartzungo Udala), Izaskun Aseginolaza (EHU) eta Ander Gortazar (RAZ).
- 9:15-10:15. The Power of a Connected Network. Michelle Poyourow (Jarrett Walker + Associates).
- 10:15-11:30. Nodoak Donostia-Baiona Eurohirian: hurbilketa geografikoa. Jacek Markusiewicz (RAZ. Tresna digitalak eta hiri berrikuntza).
- 11:30-13:00. Mahai ingurua: Mugikortasun multimodala lurralde polizentriko baterako.
- Moderatzailea: Carles Llop (Hirigintza Katedraduna, Department d’Urbanisme, Territori i Paisatge, UPC. Grup de Recerca Urbanisme taldeko koordinatzailea).
- Parte hartzaileak: Artitz Bidegain (Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasun saileko sistema eta tresna digitalen zerbitzuburua), Eluska Renedo (Gipuzkoako Garraio Agintaritzako zuzendaria), Madalen Gonzalez Bereziartua (Arkitekto Doktorea eta UPCko Grup de Recerca Urbanisme taldeko kidea), Zuriñe Varela (City Science Lab Gipuzkoako zuzendari teknikoa).
- 13:00-13:30. Nodoak Donsotia-Baiona Eurohirian: hurbilketa morfotipologikoa. Asier Madarieta (CAVIAR ikerketa taldea, EHU).
- 13:30-13:45. Jardunaldiaren itxiera. Joana Mendiburu, Izaskun Aseginolaza eta Ander Gortazar.