Bigarren fasean da BIBE proiektua
Fase honetan herritarrekin saio irekiak egiten ari dira. Gainera, galdetegia prestatu dute, nahi duenak erantzun dezan.
Joan den astean Bibetokian egindako saio bateko une bat. Bigarren fasean da Lezo garatzen ari den BIBE (Bizitza Berria eta Betea) egitasmoa. Zubitxo kaleko Bibetokian, Aptes elkartea herritarrei irekitako saioak koordinatzen ari da, familiaz, zainketaz, osasunaz, gizarte harremanetaz, eta norberaren ondareaz gogoeta egiteko. Jada 100 lezoar izan dira saio horietara bertaratu direnak, eta aurrerantzean egingo dituztenetara gonbidatu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri Fundazioaren bidez ari dira garatzen herrian BIBE egitasmoa, Lezoko Udalaren eta herriko hainbat eragileren laguntzarekin.
Bigarren faseko saio tematiko eta informalak oso baliagarriak izaten ari dira Lezoko errealitatea ezagutzeko, BIBEren arduradunek esan dutenez. “Herritarren kezkak eta beharrak entzuteko balio dute. Norbanakoen eta kolektiboaren iritzi eta ideiak modu natural eta informalean biltzen dira saio hauetan. Proiekturako ez ezik, herrirako aberasgarriak dira topaketa hauek, beharrei erantzun eta arazoak aztertzeko lehen pausua ahalbidetzen baitute”. Topaketa horien laugarren saioa joan den astean egin zuten; jarraian, horren laburpen bideoa.
Bestalde, gaiaz gogoeta egin nahi dutenei, galdetegia ere erraztu diete. Esteka hau erabilita irits daitezke interesdunak galdetegi horretara. Nolakoa nahi dut nire zahartzaroko bizi proiektua premisapean, hainbat gairen gaineko hausnarketa egin daiteke bertan.
Lehen fasea
BIBEren lehenengo fasean, 2024ko ekainean, Aubixa Fundazioak gidatuta, ikerketa kualitatibo bat egin zen 57 eta 75 urte bitarteko pertsonen artean, zahartzaroan bizitza oso bat lortzearen definizioa eta horretarako dauden baliabideak aztertzeko. Saio horietan 30 bat pertsonek hartu zuten parte. Fase horretan, harreman sozialak indartzeko eta zahartzaroan autonomia pertsonala sustatzeko beharrak identifikatu ziren Ikerketa horren bidez hainbat profil identifikatu ziren:
- 57-62 urte bitartekoak: erretiroaren mugan dauden pertsonak, eta beren egunerokotasunean aldaketa nabarmenak esperimentatzen dituztenak.
- 63-67 urte bitartekoak: erretiroa hartu berri dutenak edo hartu nahi dutenak, eta etorkizunari begira bizitza betea izateko beharrezkoak diren aukerak nahi dituztenak.
- 68-75 urte bitartekoak: erretiroan daudenak, eta bizitza osorako erronkak konpontzeko prozesuak esperimentatzen dituztenak.
Aubixak, lehen faseko lanketarekin, hainbat ondoriotako diagnostikoa egin zuen. Honakoa da horren laburpena, landi ziren atalen arabera sailkatuta:
- Familiarekiko atxikimendua: parte hartzaileek familiaren garrantzia azpimarratu zuten, baina aldi berean, familia eta proiektu pertsonalen arteko oreka funtsezkotzat jo zuten.
- Gizarte isolamendua: herritarrek gizarte isolamendua eta pertsona bakarreko etxeak ugariagoak direla adierazi zuten, eta hori kezka nagusi bat bihurtu zen. Laguntza-sareak, aurreko belaunaldiekin alderatuta, gutxiago dira. Egungo harremanak “hauskorragoak” eta “likidoak” dira.
- Autonomia eta mendekotasuna: autonomia galtzea, sufrimendua eta mendekotasun kognitibo eta fisikoaren beldurra nagusi izan ziren. Horregatik, euren burua zaintzea funtsezko lehentasuna da.
- 57-62 urte bitartekoen nahi nagusia: “Jubilazio aktibo bat espero dugu, gustatzen zaizkidan gauzak egitea”.
- 63-67 urte bitartekoen nahi nagusia: “Jubilatzean, bestei denbora eskaintzea, eta bizimodu berri bat izatea da nire helburua”.
- 68-75 urte bitartekoen nahi nagusia “Zarata gutxiko harremanak eta denbora erabiliz, bakardadea eta gizartearentzako baliogarri izateari lotutako beldurra gainditu nahi dut”.
