Karroxaren ibilbidea aldatu dute Ane Santesteban proba dela eta
Elizalde Herri eskolatik irtengo dira parte hartzaileak, 11:00etan, baina txirrindulari probaren ondorioz ibilbidea aldatu behar izan dute.

Igande goizean izango da Elizalde Herri eskolak antolatutakko Karroxa eta Kalejira, baina aurtengoan zenbait aldaketa egin behar izan dituzte Ane Santesteban Txirrindulari Saria Oiartzundik igaroko baita zenbaitetan.
Kadeteen lasterketa 10:00etan hasiko da Errenteria – Oreretan, eta Gaintxurizketa pasa ondoren Oiartzuna joango dira kirolariak. Bi itzuli egin beharko dituzte bertan. Alabaina, junior eta elite mailako txirrindulariak 11:30ean irtengo dira Errenteriako Zumarditik, eta horiek ere Oiartzunera joan beharko dute herriari beste bi itzuli emateko. Hortaz, trafiko aldaketak izango direla eta herrian, Karroxaren ibilbide berria zehaztu dute antolatzaileek.
Goizeko hamaiketan irtengo dira Elizalde Herri Eskolatik, eta handik Elorrondo kalea igaro, eta Beluteneko biribilgunera joango dira. Arraskularre kalea igoko dute gero, eta jarraian, Ibargain eskola dagoen paretik Euskal Herria enparantzara sartuko dira. Ibilbidea amaitzeko, Doneztebe plazara joango dira azkenik.
Ibilbidean zehar lau geldialdi egingo dituzte dantzariek dantza egin dezaten, baina oraindik ez dakite ziur non egingo dituzten etenaldiak.