Euskal Herriko Historiaurreko museoa du Lezok
Lezo Institutuko DBHko lehenengo Mailako ikasleek ondu dute, eta hiru hilabeteko lanaren ondotik, gaur zabaldu ditu ateak ikasleei begira. Asteartean familia eta herritarrek izango dute hura bisitatzeko aukera.
Museoa ondu duten ikasleetako batzuk. Euskal Herriko Historiaurrea gertu-gertutik ezagutzeko aukera izango dute lezoarrek Lezo Institutuko DBHko Lehenengo Mailako ikasleen eskutik. Azken horiek, gaiarekin lotutako museoa ontzeko lanean murgilduta izan dira azken hiru hilabeteetan, eta gaur ikusi du argia. Ikaskideek eta Lezo Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 6. Mailako ikasleak izan dira hura bisitatzen lehenak, gaur goizean; familiek eta lezoarrek, berriz, datorren asteartean izango dute azalpen zinez interesgarri eta batez ere historikoz lagundutako bisita egiteko aukera.
Zoritxarrez, bide laburrekoa izango da museoaren ibilbidea, datorren asteko bisitak eginda itxiko baititu ateak, eta hartzen duen ikasgelak ohiko itxura hartuko du berriz ere.
Urduri ziren museoaren lanketan aritu diren ikasleak gaurko inaugurazio ekitaldiarekin. Entzule zorrotzak izan dituzte azalpenei adi, ikaskideak; haiekin batera Mikel Arruti Lezoko alkatea, eta Miren Ormazabal Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia izan dira bisita gidatua egiten. Benetako museoen antzera, txartela eta guzti heldu dira ikusleak aretora, eta harrera egin diete ikusiko zutena azaltzeko bi ikaslek bertaratutakoei. Azaldu diete, Euskal Herriko sustrai sakonak topatuko zituztela bertan, “iragan zaharra argitu nahian ibili gara lanean”.
Mahaiaz mahai joan dira gerturatu direnek, arkeologiaz, Paleolitoaz, Neolitoaz eta Metal Aroaz ikaskideek kontatzeko zutena adi-adi entzuten; Joxe Migel Barandiaran antropologo eta etnografo handiaren begiradapean egin dute kontaketa hori. Izan ere, betiko galtzeko zorian zen euskal kultura biltzen, aztertzen eta ahanzturatik salbatzen lan erraldoia egin zuen Barandiaranen argazkia bertan dute jarria.
Ibilbidea bukatuta, kahoot galdera-erantzun jokoa izan dute aukeran ausartenek; azkenean, taldean erantzun dituzte probak planteatutako galderak, eta museoan —zein ikasgelan— ikasitakoa agerian jartzeko aukera izan dute.
Monika Martinez Lasa Geografia eta Historia irakasleak azaldu dio HITZAri museoaren ideia nondik sortu zen. “Aurten hasi gara eremuka lanean bi ikasgai uztartuta, euskara eta historia, hain zuzen ere. Dena genuen sortzeko eta bururatu zitzaigun beste lekuetan ikusita eta museoa sortzea, horrek ematen baitzigun aukera polita euskara eta historia uztartzeko”. Museo horren atzean hiruhileko lana, lan handia, ikasleena eta irakasleena Martinezek zehaztu duenez: “Gaur lan horren bukaera iritsi da, azken produktua, emaitza”.
Erakusketa bat da museoa 3Dn egindako elementuekin osatua, “Lehenengo DBHko ikasleek diseinatu egin dituzte objektu horiek, Euskal Herriko Historiaurrearekin lotutako argazkiak eta informazioa bilduta, eta ondoren 3D inpresorak baliatuta inprimatuta ekarri dituzte. Horietatik abiatuta azalpen testuak sortu dituzte, txarteltxoak, ahozko aurkezpenak prestatu dituzte”.
Gaur LHko ikaskideak izan dituzte bisitan, baina erakusketa-museoa bisitatzeaz gain, bestelako eskulanak egiteko aukera ere izan dute azken horiek. Hala suziak sortu dituzte, baita kartoizko mamuta ere, eta garai batean Historiaurrean arbasoek erabiltzen zituzten margotze teknikekin margoak sortzeko aukera era izan dute, “mineralak oinarri hartuta eskuak margotzen ari dira, baita animaliak ere”.
Urduritasunez ari dira bizitzen eguna ikasle-irakasleak “dena ondo aterako den kezkarekin”. Prozesuan zehar, berriz, zailtasunak izan dituzten galdetuta gaurkoa oso polita izaten ari dela nabarmendu du Martinezek, “zaila izan da proiektua bera sortzea. Hau aurrera ateratzeko behin pentsatuta txostena sortu behar izan dugu, 48 ikaslerekin batera lanean aritu lau edo bost irakasle. Honetaz aparte eguneroko lanak egin behar izan ditugu. Sormen prozesua bera izan da zailena. Lan handia eskatu digu”. Motibazioa prozesu osoan zehar “oso handia” izan dela ere esan du irakasleak, baina Hezkuntza delegaritzari eskaera egin dio, “horrelako proposamenak baldin baditugu ezinbestekoa da baliabide handiagoak izatea”.
Tamalez, datorren asteartera arte baino ez du iraungo museoak, eta horren harira desio bat partekatu dute proiektuak buru-belarri lanean aritu diren ikasleek: “Historiaurreko sua berriro piztu da gure artean, museoak ere utzi dezala aztarna etorkizunean”.
